Erraldoien lanaren adjudikazioaz aritu da Aritz Ibañez; izan ere, aurten lehen aldiz udalak lehieketara atera du lan hori. Beste kontu batzuez ere aritu dira harekin. Asteartean, txio-kronikari aritu zen #9x9 traolarekin Twitter bitartez zuzeneko kontaketa egiten; gaur, Ainhoa Aznarez ari da.
Mikel Pagola izan da gaurko saioko lehen gonbidatua; Valentziako su enpresa baten jabea da Pagola. Gaztea izanik ere, hemeretzi urte daramatza su festen munduan; lehenago afizio zena ofizio bilakatu zaio, gainera, orain. La Pamplonesako kide Luis Mari Remesar hartu dute ondoren Zaldi Zuriko estudioan; 95 urte bete ditu La Pamplonesak aurten, eta urte berezia da haientzat. Urte osoan kontzertu ugari eman dituzte urteurrena ospatzeko, bereziena Baluarten eskaini zuten ikuskizuna, baina sanferminetan ere ari dira ospatzen. Zuzeneko musika ere izan da, Xabier Olazabal eta Asier Agirre txistularien eskutik; igande honetan izango da txistularien alardea.
Albistegiaren ondoren, Eva Aranguren zinegotzia izan da gonbidatua. Kontu askori buruz aritu dira Arangurenekin; prozesioaz esan du "normala" iruditzen zaiola Curia kaleko protestena. Haren ustez, "lehen Riau-riauarekin bideratzen zen protesta herrikoia", eta horren falta da, haren ustez, Curia kalean gertatzen dena. Eraso sexisten aurkako kanpaina positibotzat jo du, "behingoz udalak bere gain hartu duelako kolektbo feministek urtetan egindako borroka".
Arturo Campion IKAko euskaltegiak hartzen du sanferminetan Zaldiko Maldiko tabernaren ardura; gainera, egitaraua atontzen dute jaietarako ekintzekin; horri guztiari buruz aritu dira Nekane Otamendirekin.The Icer Companyko Iker Ciak abesti bat jo du zuzenean; aurtengo sanferminetan kontzertua emango dute.
Egunero bezala, entzierroaren berri eman du Saioa Alkaizak, eta erraldoien berri konpartsako kide batek. Gaurko Adarkada Asier Azpilikuetaren eskutik joan da. Aurkezle lanetan, berriz, Reyes Ilintxeta eta Oihane Arangoa aritu dira.