2003ko irailaren 23an argitaratutako agirian, «goitik behera zalantzan» jarri zuen ETAk Herrizaingo Sailaren bertsioa, «behar diren ikerketak» egingo zituela adierazi zuen, eta «gertatu dena euskal jendarteari jakinarazteko konpromisoa» hartu zuen. «Argipen guztiak emateko eginahalaren» ondorioa dira Berriara bidalitako txostena eta agiria. Dena den, txostena «behin-behinekoa» dela ohartarazi du ETAk, «hainbat datu ez baitago gure esku».ETAk baieztatu egin du Arkaitz Otazuak eta ETAko beste bi kidek, joan den urteko irailaren 14ko gauean, Herrerako gainean Ertzaintzaren patruila baten aurka segada prestatu zutela. ETAren txostenak azaltzen duenez, hiru ekintzailek hartu zuten parte atentatuan. Sakelako telefono dei baten bidez «ustezko istripu baten berri emanez» ertzainak Errioxako Balkoia esaten zaion lekura erakarri zituzten, bi etakidek tirokatu egin zituzten bertaratutako bi ertzainak eta, ondoren, hiru ekintzaileak atentatuaren lekutik korrika ihesi zihoazenean, ertzain batek atzetik tirokatu egin zituen, eta Otazua zaurituta erori zen.
Gorpuaren argazkia
Otazuak tiroa jaso eta biharamunean, «ekintza gertatu eta 9 edo 10 ordu berantago», aurkitu arteko tartean gertatutakoaz agertu ditu zalantza nagusiak ETAk. «Ustez Arkaitzen gorpua agertzen den» argazki baten arabera, Otazua Errioxako Balkoian bertan aurkitu zutela ondorioztatzen du ETAk, «Arkaitz erori zen lekutik ehun bat metrora». ETAk zalantzan jartzen du, batetik, Otazua «lehen unean lurrean etzanda egon eta gero, jaiki edota arrastaka mugitzeko indarrik edo aukerarik izan ote zuen». Otazua zaurituta erori ondoren hurrengo goizera arte inork haren arrastorik ez ikustea harrigarri egiten duten beste datu batzuk ere eman ditu ETAk: tiro egin zion ertzainak «argi eta garbi ikusi zuen Arkaitz erortzen», Otazua zauritu zuten lekuaren eta gorpua aurkitu zuten lekuaren artean Ertzaintzaren patruila zegoen, ETAren azalpenaren arabera, eta 10 edo 15 minutura bertaratu zen anbulantziak «Arkaitz erori zen tokitik pasatu behar izan zuen». Gainera, segadarako erabili zuten auto lapurtuaren jabeak, «nahiz eta basoan egon lotuta», berehala aurkitu omen zituztela ohartarazi du ETAk, eta Otazua gau osoan ez zuten atzeman.
Arkaitz Otazuaren gorpua Errioxako Balkoian aurkitu zutela adierazten duen argazkiarena «ETAk baieztatu ezin duen datua» dela aitortzen du erakunde armatuak. «Gorpua izara zuri batez estalia» ageri duen argazkiaz ari dela dio ETAk, non argitaratutako argazkia den zehaztu gabe. Javier Balza Herrizaingo sailburuak joan den irailean gertaeren azalpenak eman zituenean, gorpua zehatz-mehaz non atzeman zuten ez zuen jakinarazi. «Atentatua gertatu zen lekutik gertu» aurkitu zutela adierazi zuen, zenbat metrotara zehaztu gabe.Telebistek eta egunkariek bi odol putzu erakutsi zituztela dio ETA: lehena Otazua erori zen lekukoa izan daitekeela dio, eta bigarrena«tiroa jaso zuen lekutik aurrera egin eta 30-35 metrora dago, errepidean bertan» ikus goiko argazkia. Otazuak tiroa jaso ondoren mugitzeko aukera izan bazuen, hasieran gorako bidea hartu zuela adieraziko luke horrek, biharamunean gorpua agertu zen lekutik Errioxako Balkoitik urrundu egin zela alegia.
Autoa matxuratu eta bi lekuko agertu
Ertzainen aurkako atentatua ETAko hiru ekintzaileek aurreikusi bezala ez zela atera aitortzen du erakunde armatuaren idatziak: «Ekintza egiteko prestaketa guztiak ez ziren nahi bezalakoak izan».
Izan ere, aurrez Herrera mendatean lapurtu ondoren atentatuan erabili zuten autoak «konpondu ezinezko arazo bat izan zuen azken momentuan (jabeak abiarazteko ezarria zion sistema bereziak huts egin zuen bigarrenez)». Hala ere, «[telefono] deia egina zegoenez, ekintzaileek aurrera egitea erabaki zuten». Gainera, atentatuaren lekura ertzainen Patrola iritsi baino lehenxeago bikote bat ailegatu zen, auto batean, ETAko kideak zain zeuden lekura, eta hantxe gelditu ziren, Errioxako Balkoian bertan. ETAren ustez, bikote honen lekukotza «garrantzitsua da ekintzaren ondoren gertatu zirenak argitzeko».Lapurtutako autoa Fiat Uno markakoa bidexkan trabeska utzi zuten Otazuak eta ETAko beste bi kideek eta, «Ertzaintzaren ibilgailua trabeskatutako auto ondo-ondora iritsi bezain laster burutu zen erasoa».Herrizaingo Sailak bere garaian emandako azalpenen arabera, kanoiak moztuta zituzten eskopetekin egin zuten tiro atentatugileek, bi ertzainak artean ibilgailu barruan zirenean. Ertzainetako batek (J.J.l.I.) balen aurkako txalekoa zeramalako zauri arinagoak izan zituen; bestea, G.E.G. oso larri zauritu zuten.ETAk azaldu duenez, atentatugileek «erasoa bukatutzat eman ondoren» eta ordurako ihesean hasi zirenean erantzun zien tiroka ertzainetako batek balen aurkako txalekoa zeramana: «Atzera begiratu eta autoaren gidariaren aldeko atea irekita zegoela ikusi zuten, eta ondoan, zutik, hankak flexionaturik eta tiro posizioan zegoen norbait ikusi zuten. Berehala hasi zitzaien tiroka. Guztira, hamar edo gehiago izan ziren poliziaren tiroak». Otazua zauritu zuela ohartu ondoren, «ekintzaileetako batek tiro egin zuen polizia zegoen lekurantz», eta gero korrika jarraitu zuen.
Poliziak identifikatuta
ETAk ez du zehazten hortik aurrerakorik. Gertaeren ondorengo orduetan inguruak miatzen aritu zen Ertzaintza, Otazuarekin aritu zen ETAko beste ekintzailea han ezkutatuta zegoela uste zuelako, Balzak azaldu zuenez. Espainiako Barne ministroak aurreratu eta Herrizaingo Sailak gero berretsi zuenez, Asier Mardones zen Otazuaren taldekidea. Lapurtutako autoaren barruan, bala batzuz gain, Otazuaren eta Mardonesen dokumentazioa atzeman zutelako jakin zuten bigarren ekintzailea nor zen, Ertzaintzak azaldu zuenez.Komandoa bi lagunek osatzen zuten ustea adierazi zuten hasieran polizi iturriek, baina berehala hirugarren batek ihesean lagundu ote zion azaldu zuten. Azaroaren 14an, Herrerako mendateko gertaeretan parte hartu zuen ETAko hirugarren kidea Josune Oña zela adierazi zuen Ertzaintzak, haren gurasoen etxea miatu zutela jakinaraztearekin batera. Sasian dira biak.
Herrerako segadan hiru ekintzailek parte hartu zutela berretsi du ETAk txostenaren bidez, baina hiruak segadaren lekuan zeudela zehaztu du «bi ekintzailek egin zuten tiro, hirugarren batek babesten zituelarik», eta hiruek ihesari korrika ekin ziotela. Hirugarrena auto batean zain zutela uste zuen Ertzainak, polizi iturriek orduan azaldu zutenez.Bi astean bila ibili ondoren, Ertzaintzaren ustez ETAko bi kideek ihes egiteko erabili zuten autoa aurkitu zuen Guardia Zibilak Torremontalbon (Errioxa). Arkaitz Otazuaren amarena zen ibilgailua.
-
ETAren txosteneko azalpenak eta zalantzak
GERTAKARIAK
Prestaketa: «Ustezko istripu baten berri emanez Herrera gaineko Errioxako Baikoia izeneko lekura polizia gorputz horren [Ertzaintza] patruila bat erakarri zen. Ekintza egiteko prestaketa guztiak ez ziren nahi bezalakoak izan. Zehazki, ekintza egiteko erabili beharreko autoak konpondu ezinezko arazo bat izan zuen azken momentuan (jabeak abiarazteko ezarria zion sistema bereziak huts egin zuen bigarrenez). Hala ere, deia egina zegoenez, ekintzaileek aurrera egitea erabaki zuten. Deia egin eta minutu batzuetara segada prestatua zegoen lekura beste auto bat iritsi zen, bikote bat zen, ondotik pasa eta Errioxako Baikoian gelditu ziren (ikus krokisean non kokatu ziren)».
Segada: «Laster iritsi zen Ertzaintzaren Patrola, mendate gainerantz jo zuen lehenik eta itzulia eman ondoren sartu zen bidexkan. Ertzaintzaren ibilgailua ekintzaileek trabeskatutako auto ondo-ondora iritsi bezain laster burutu zen erasoa. Bi ekintzailek egin zuten tiro, hirugarren batek babesten zituelarik».
Ihesa: «Erasoa bukatutzat eman ondoren eta errepidean gora eginez 10-15 metro urrunduak zirela zarata bat entzun zuten polizien autoaren aldetik. Atzera begiratu eta autoaren gidariaren aldeko atea irekita zegoela ikusi zuten, eta ondoan, zutik, hankak flexionaturik eta tiro posizioan zegoen norbait ikusi zuten. Berehala hasi zitzaien tiroka. Guztira, hamar edo gehiago izan ziren Poliziaren tiroak.
Otazua zaurituta: «Hiru ekintzaileek korrika jarraitu zuten. Metro gutxi batzuk egin ondoren, beste bi ekintzaiieak ohartu ziren Arkaitz ez zegoela beraiekin. Atzera begiratu eta ikusi zuten metro batzuetara zegoela lurrean erorita, aieneka, burua eta besoa altxaturik, mugitu ezinik. Ekintzaileetako batek tiro egin zuen polizia zegoen lekurantz. Korrika jarraitu zuten. Errepide handira iritsi zirenean polizien bengala batek dena argitu zuen. 10 edo 15 minutu beranduago bertaratu zen sirena jarrita zuen anbulantzia bat».
datuak
Ertzaina: «Tiro egin zuen poliziak argi eta garbi ikusi zuen Arkaitz erortzen».
Gorpuaren aurkikuntza: «Arkaitz biharamuneko goizaldean aurkitu zutela esan zuten. Ekintza gertatu eta 9 edo 10 ordu berantago».
Autoaren jabeak: «Segada egiteko erabilitako autoaren jabeak berehala aurkitu omen zituzten, nahiz eta basoan egon lotuta (ikus krokisa)».
Beste bi lekuko: «Ekintza baino minutu batzuk lehenago iritsi zen bikotearen lekukotza garrantzitsua da ekintzaren ondoren gertatu zirenak argitzeko».
Anbulantzia: «Bertaratu zen anbulantziak Arkaitz erori zen tokitik pasatu behar izan zuen».
Odol putzuak: «Telebista eta egunkarietan bi odol putzu desberdin erakutsi zituzten. Bidexkan ageri zen bata. Bestea bidexka eta errepide handia elkartzen den lekuan. Lehena Arkaitz erori zen lekua izan daiteke: odol jarioaren arrasto garbia da, aldapan dagoenez odolak bere bidea egiten du beherantz, jario desberdinak sortuz. Bigarrena, errepide handiaren bazterrean dagoena Arkaitzek tiroa jaso zuen lekutik aurrera egin eta 30-35 m-tara dago, errepidean bertan».
Gorpuaren argazkia: «Bada ETAk baieztatu ezin duen datu bat: ustez Arkaitzen gorpua agertzen den argazki bat badago. Gorpua izara zuri batez estalia dago Errioxako Balkoia-n bertan. Arkaitz erori zen lekutik 100 bat metrotara, erretiratzerakoan abiatu zen norabidean atzera eginda (ikus krokisa). Kontuan hartu behar da Arkaitzena izan behar duen lehen odol putzua eta argazkian agertzen den toki horren arteko bide tartean Espainiako Polizia Autonomikoaren patrulla zegoela.
ziurtasunak
Bizkarrez: «Arkaitz burkidea ekintza lekutik aldentzen zihoala bizkarrez tirokatu zuten».
Distantzia: «Tiroa 15-20 metrotako distantzia batetatik egin zioten».
Ertzaina: «Tiro egiteko posizioan kokatutako Espainiako Polizia Autonomikoko kide bat izan zen tiro egin ziona».
Lurrean: «Tiroa jaso eta lurrera erori zen, mugitu ezinik eta oihuka geratu zelarik».
ZALANTZAK
Mugikortasuna: «Ez dakigu Arkaitzek, tiroz zauriturik, eta lehen unean lurrean etzanda egon eta gero, jaiki edota arrastaka mugitzeko indarrik edo aukerarik izan ote zuen».
Heriotzaren unea: «Ez dakigu eman zioten tiroaren larritasunaren arabera zenbat denboraren buruan odol hustu eta hil egin zen Arkaitz».
-
BALZAREN BERTSIOA
Gorpua non aurkitu zuten ez zuen zehaztu
Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gertaeren biharamunean eman zituen azalpenak, Juan Jose Ibarretxerekin batera ertzain zaurituak bisitatu ondoren. ETAko kideek ertzainei tranpa bat prestatu ziela esan zuen orduan Balzak: «Argi dago tranpa bat dela, deia prestatua zegoela, istripuaren aitzakian bertaratzen ziren agenteak hiltzen saiatzeko». Herrizaingo sailburuaren hitzetan, Ertzaintzaren autoa iritsi bezain pronto hasi ziren tiroka ETAko kideak, «agenteak ibilgailutik atera aurretik». Ertzainak ere tiroka hasi zirela azaldu zuen Balzak, eta irratiz laguntza eskatzen ari zirela, bi etakideek mendian gora ihes egin zutela. Bietako batek balaz zaurituta egin zuela ihes adierazi zuen Javier Balzak, eta biharamunean 8:05ean aurkitu zutela Arkaitz Otazuaren gorpua, «atentatua gertatu zen lekutik gertu».