2018ko Bilboko Aste Nagusian euskaraz egiteko eskatzeagatik 900 euroko isuna jarri zioten udaltzainek Arkaitz Zarragari, mozal legea aplikatuta. Isunaren aurka jo eta epaiketa egin zuten 2019ko abenduan. Azaldu duenez, haren aldeko sententzia eman du orain epaileak: ez du isunik ordaindu beharko.
Bilboko udaltzainekin izan nuen aferaren sententzia heldu da! IRABAZI DUGU!! Isunak bertan behera utzi ditu epaileak! @haupittuhau@EHEbizi@behatokia@argia@kontseilua@konpartsak Hala ere epaia ERDARA HUTSEAN!
— Arkaitz Zarraga Azumendi (@azarramendi) May 29, 2020
Eta sententzia epaile arrotz batena, argi eta garbi
👇👇
Zarragak salatu duenez, «erdara hutsean» eman diote epaia, halere, eta sententziak ez du aipatzen hari euskaraz zuzentzeko eskubiderik. «Soilik nire 'edukazio txarra' aipatzen du. Zer daki berak edukazioaz!». Zarragak Twitter bidez jakinarazi duenez, epaiak onartu egiten du «udaltzainek gezurra esan zutela» Zarragak identifikatzeari uko egin ziola esaterakoan, «baina sinesten die nik aurpegitik hamar zentimetrora oihu egin niola eta jendea erakartzeko ahalegina egin nuela». Azaltzen du, halaber, epaiak dioela ez dakitela zergatik ez ziren epaiketara joan udaltzainak. Zarragak azaldu du epaiaren «gakoa» euskaraz errandako irain bat dela, eta ez zekitela irain hori euskarara nola itzuli.
Epaia irmoa dela jakinarazi du Zarragak, eta «pozik» dagoela, baina «ez konforme». «Justizia horrek ez dakar Justiziarik euskaldunontzat».