Ingurumena

Arkamoneko eta Iturrietako mendietako parke eolikoak geratzeko eskatu du Arabako Natur Institutuak

Elkarteak nabarmendu duenez, ingurune babestuak dira biak, eta parke eolikoek kalte nabarmenak eragingo lituzkete bertako kontserbazioan. 

Iturrietako mendiak, artxiboko irudian. JOSEN GIL-GARCIA
2021eko maiatzaren 10a
11:02
Entzun

Arabako Natur Institutuak (ANI) alegazioak aurkeztu ditu Arkamon eta Iturrietako mendietan parke eolikoak egiteko proiektuaren kontra. Eusko Jaurlaritzak Iberdrolarekin batera sortu duen Aixendar konpainiarenak dira aipatutako proiektuak. ANIk salatu duenez, Europa Natura 2000 sarearen barruan daude bi zonak, eta kontserbaziorako gune babestu gisa izendatuta daude. Bertzeak bertze, landare espezie endemikoak, hegazti harrapakariak, saguzarrak eta aztore arranoak bizi dira bertan. 

Elkarteak nabarmendu duenez, bai Arkamo, bai Iturrietako mendiak fauna, botanika eta paisaia aberastasun handiko guneak dira. Halaber, elkarteak nabarmendu du daukaten izendapenek nahikoa babes eman beharko lukeela horrelako proiektuen aitzinean. Elkarteak nabarmendu duenez, haize errotek inpaktu bisual handia eragingo lukete, eta hori ez da bateragarria egun dagoen paisaiarekin: «Haize errota horiek paratzeak obra zibil handi bat eskatzen du sartzeko pistak, plataforma elektrikoak eta transformadoreak eraiki beharko liratekeelako». 

ANIk nabarmendu du trantsizio energetikoa egin behar dela energia berriztagarrietara, baina hori egiteko bidean "edozerk ez duela balio" salatu dute: «Ezinbestekoa naturaren kontserbazioa errespetatzea». 

Eusko Legebiltzarra alde

Aitzinetik ere ika-mika izan da Aixendarrek Araban egin asmo dituen lau parke eolikoekin. EH Bilduk nahi zuen Eusko Legebiltzarra haien aurka azaltzea eta gerarazteko eskatzea proiektu horiek ingurune babestuetan direla argudiatuta. Elkarrekin-Podemosekin negoziatutako proposamenak, ordea, ez zuen aurrera egin. PPk aldeko botoa eman zuen, baina EAJk, PSE-EEk eta Voxek, berriz, aurkakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.