Arkitektoak ez du ikusi ezeren okerrik Lodosako hesian

Hilaren 2an eginiko entzierroan hiru aldiz hautsi zen, eta gizon bat hil zen, zekor batek adarkatuta

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Abuztuaren 2an Lodosan (Nafarroa) egindako entzierroko hesiak ez zuen inolako irregulartasunik, arkitektoaren txostenak jaso duenez. Egun hartan hainbat zekorrek entzierroko egurrezko hesia txikitzea lortu zuten, eta, haietako batek adarkatuta, 74 urteko gizon bat hil zen.

Lodosako Udalak atzo bidali zion Barne Zuzendaritza Nagusiari arkitektoaren txostena. Izan ere, entzierroak antolatzen dituzten udalek bete beharreko prozedura da hori. Lodosako jaietan hiru entzierro egin zituzten barne zuzendaritzaren behin-behineko baimen batekin; alegia, egun batzuk pasatu ondoren aurkeztu behar zuen udalak arkitektoaren txostena.

Joan den asteko gertaera larrien ondoren, ordea, udalak bertan behera utzi zituen gainerako entzierroak, eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen uda amaitu bitartean ez duela behin-behineko baimen gehiago emango. Horren ondorioz, entzierroak antolatu nahi dituzten udal guztiek aurretiaz aurkeztu behar dute arkitektoaren txostena.

Nafarroako Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez, Lodosak bezala, beste zortzi udalek eginda zeukaten eskaria baimenak behin-behinean eskuratzeko, baina gobernuaren erabakiarekin, udal arkitektoen ziurtagiriak aurkeztu behar izan dituzte zezenekin ikuskizunak egiteko.

Era berean, Nafarroako Gobernuak araudi berri bat egiteko asmoa agertu du, entzierro eta antzekoak seguruagoak izateko. Asmoen berri emateko eginiko agerraldian, Inmaculada Jurio Justizia eta Barne Saileko zuzendari nagusiak aitortu zuen araudi berria indarrean jarrita ere era horretako ezbeharrak erabat saihestea ezinezkoa izango dela. «Zoritxarrez, ezin dugu ziurtatu halako istripuak berriro gertatuko ez direnik». Nafarroako Gobernuaren asmoa da zezen klaseen arabera hesi mota jakin bat jartzera derrigortzea udalak.

Adarkada lepoan

Entzierroetan erabiltzen diren hesiei buruzko eztabaida Lodosan joan den asteartean izandako heriotzak eragin du. Egun horretan festetako hirugarren entzierroa ari ziren egiten, eta une batean, ibilbidearen amaiera aldera, hainbat zekorrek entzierroko hesia apurtzea lortu zuten. Irteerarik gabeko txoko batean sartu ziren lehendabizi, eta segidan buelta eman eta bidera sartu ziren berriro, kontrako norabidean. Zekorretako bik ostera ere egin zuten hesiaren kontra, eta hura apurtuta, ihes egitea lortu zuten. Animalietako bat berehala harrapatu zuten, baina besteak soto baten parean zegoen gizonezko baten kontra egin zuen. Lepoan adarkatu zuen eta hil egin zen.

Hildakoa, Felix de Luis Morentin, 74 urtekoa, lodosarra zen, baina Donostian bizi zen. Hala ere, bolada luzeak pasatzen zituen emaztearekin jaioterrian. Egun horretan beste bi lagun ere zauritu ziren. 25 urteko gazte bat erietxera eraman zuten, bekainean kolpe bat hartuta, eta 62 urteko emakume bat, berriz, osasun etxera, belaunean min hartuta.

Joan den urtean ere zezenekin egindako ikuskizunek eman zuten zeresana Nafarroan. Abuztuaren 17an, zezen batek harmailetara salto egin zuen Tafallan, eta arrisku handiko egoerak eragin zituen. Berrogeitik gora pertsona zauritu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.