Krisi politiko betean sartzeko zorian da berriz ere Ipar Irlanda. Sinn Feinek uko egin dio ongizate sistemaren erreforma onartzeari parlamentuan, eta iragan abenduan egonkortasun politikoa bermatzeko eginiko akordioa kolokan jarri du. DUP Alderdi Unionista Demokratikoak "fede txarrez" jokatu duela argudiatuta egin dute atzera. Martin McGuinness Ipar Irlandako lehen ministrordea eta Sinn Feineko arduradunaren arabera, DUPek gizarteko ahulenak babesteko konpromisoari muzin egin dio.
Peter Robinson DUPeko buruzagi eta Ipar Irlandako lehen ministroak haserre erantzun dio ordezkari errepublikanoari, eta "krisi larri bat" iragarri du Sinn Feinek legea babestu ezean. "Stormonteko akordioak porrot egingo du, ongizatearen erreforma giltzarria baita", esan du lehen ministroak.
Iragan abenduaren 23an Ipar Irlandako bost indar nagusiek akordio zabala egin zuten, eta krisi politikoa gainditzea eta bake prozesua desblokeatzea lortu zuten. Nahiz eta banderei eta desfileei buruz ados jarri ez, datozen hamar urteetarako finantza plana adostu zuten. Besteak beste, ongizate sistema erreformatzea hitzartu zuten.