KONPONBIDEARI BEGIRA

Arma sorta bat "erabat" zigilatu du ETAk, eta bide horretan urrats gehiago egiteko asmoa azaldu

Barne komunikazio batean, erakundeak azaldu du armagabetze prozesua ez dela eten 2014an hasi zenetik, baina bai moteldu, "ageriko arrazoiak" tarteko. Hala ere, baieztatu du prozesu horrekin jarraitzen duela eta bere asmoa dela urrats berriak egitea ahalbidetuko dion armen zigilatze maila batera iristea.

ETAko bi kide, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideei zenbait arma ematen.
2016ko apirilaren 14a
12:24
Entzun

ETAren Barne Komunikazio Orokorrak otsaileko data du, eta gaur argitaratu ditu zenbait pasarte Gara egunkariak. Bertan, aipagai ditu, armagabetze prozesuaz gain, presoen auzia eta garai politikoa, besteak beste. Barne komunikazioa izanagatik, agiriak zehazten du erakundetik kanpoko pertsona eta agenteei helaraziko diela.

Armen zigilatze prozesuan, ETAk helburutzat jotzen du euskal eta nazioarteko eragileekin beste pauso batzuk ematea ahalbidetuko dion zigilatze maila bat lortzea. Gatazkaren konponbidean, uste du agendaren puntu guztietan aurrera egin beharra dagoela, horretarako Frantziako eta Espainiako gobernuekin kontaktu "zuzena nahiz zeharkakoa" baztertu gabe.

Bere zuzendaritzaren aurkako azken polizia operazioek kalte egin diotela aitortu du, baina azpimarratu "oraindik bere konpromisoei eutsi eta prozesuarekin jarraitzeko" gai dela. Gainera, berretsi du harremanak izaten jarraitzen duela, eta Baigorrin iazko irailean atxilotutako Iratxe Sorzabal eta David Pla jo ditu mintzaide gisa: "Agerikoa da bi mintzaide espetxean izateak egoera baldintatzen duela, eta beraz, konpromisoei behar bezala erantzun ahal izateko, beharrezkoa da ordezkaritza zabaltzea". Egoera horren berri eman die ETAk Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari eta beste eragile batzuei.

Presoen auzia

Hamabi orrialdeko agirian, ETAk preso, iheslari eta deportatuen egoera ere izan du hizpide. Uste du ezin dela estatuen jarrera soilik "mendeku" posizioetatik ulertu; blokeoaren bidez "ezker abertzaleari eta altxatu behar den herri prozesuari" kalte egitea da Frantzia eta Espainiaren asmoa, erakundearen iritziz. Ildo horretan, aitortu du, euskal presoen eskubideen aldeko gehiengo sozial bat badago ere, ezintasuna dagoela jarduera ildo oso bat garatzeko.

Hortaz, egoera aldarazteko, prozesu independentista abiatzearen alde azaldu da, eta testuinguru horretan, presoen aldeko lana garatu.

Amnistiaren Ta Askatasunaren sorreraren inguruan ere mintzatu da. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko sei kidek iazko abenduan Parisen salatu zuten EPPK zatitzeko saioak izan zirela, eta ETAk azaldu du salaketa horrek ETAren beraren onespena zuela. Mugimendu horrek ez du erakundearen babesik, besteak beste ez baitu uste egoera desblokeatzeko biderik eskaintzen duenik. Zentzu horretan, presoen kaleratzearen aldeko indarrak zabaltzearen garrantzia azpimarratu du: "Hori da ETAren militantziaren lehentasuna, ez aitortzak eta dominak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.