Espainiako armadarekin soldadutza egitera behartutako azken soldaduak biharko egun batez atera ziren kuarteletatik betiko. 2001eko abenduaren 31 zen; urte hasieran zerbitzu militarraren derrigorrezkotasuna bertan behera utzia zuen Espainiako Gobernuak, baina indarrean sartu aurretik, Hego Euskal Herriko zenbait gizon gaztek egin egin behar zuten soldadutza. Urteurrena gogoratu zuten atzo Bilbon Kakitzat talde antimilitaristako kideek: «231 urteko inposizio militarra amaitu zen».
1770eko azaroan, ordenantza bidez eman zuen agindua orduko Espainiako errege Carlos III.ak: 18 eta 40 urte bitarteko bost gizonetik batek armadan sartu beharko zuen; zozketa bidez erabakiko zuten nortzuk ziren. Hala, harrezkero, azaroan soldadutza egiteko deia heltzen zitzaien gazteei. Batzuk, baina, ez zeuden ados, eta 1980ko hamarraldian kontzientzia eragozpena heldu zen Euskal Herrira. 1989ko otsailean, 57 lagunek intsumisioa aldarrikatu zuten Espainiako Gobernu Militarraren egoitzetan.
«Hasieran gutxi ginen, ez geneukan inolako sostengurik, eta jendeak zoratuta geundela pentsatzen zuen», adierazi du Iñaki Carro abokatuak; «baina intsumisioaren kanpaina aurrera eramatea erabaki genuen». Batzuek gogor ordaindu zutela erantsi du; beste 1.670 lagun bezala, espetxean egon zen Carro ere, sei hilabetez. Baina, hamabi urteko desobedientziaren ondoren, irabazi egin zuten, errealitatea indartsuegia zelako: «Armadak ez zuen onartzea beste erremediorik izan: soldadutzara joatera derrigortuta geunden, baina ez ginen joaten, eta haien indarkeria guztiak porrot egin zuen».
Borroka hark hainbat irakaspen ditu gaur egun, Carroren ustetan: «Gauza bat demostratu genuen: armada ez da ukiezina». Izan ere, soldadutza da militarismoaren alderik ezagunena, baina hura desagertuta ere, gizartean eragin handia du oraindik militarismoak, Kakitzat-ek nabarmendu duenez. Ildo horretan, Espainiaren gastu militarraz mintzatu da abokatua: «Espainiako Estatuak urtean 20.000 milioi euro erabiltzen ditu gastu militarrerako. Zertarako? Heriotza eta suntsiketa beste herrialdeetara eramateko, gainera, gureak ez diren interesak defendatzeko, gure tasak igotzen edo langileak kaleratzen dituzten multinazionalei laguntzeko».
Eta militarismoa dagoen bitartean, antimilitarismoa egongo da: gerren, armaden eta egitura militar guztien aurkako borroka. Garaipenak gogoan hartuta utzi du mezua Carrok: «Inork espero ez zuenean, gure konpromisoarekin eta gure esfortzuarekin lortu genuen inposizio hura desagerraraztea. Horregatik, orain, dei egin nahi diogu gizarteari fatalismoan ez erortzeko eta sinesteko benetan armadari aurre egin diezaiokegula».
Hori dela eta, urteurrena eta urte amaiera aprobetxatuta, Gabonetako protagonistek ikatza eman zioten atzo Espainiako armadari. Olentzero, Errege Magoak eta Bizarzuri Bilboko Gobernu Militarraren egoitzara joan ziren, eta hiru ikatz zaku hustu zituzten sarreran, aurpegia estalitako bi soldaduren begiradapean. «Armadak ezin okerrago kudeatu du gizarte zibilak behin betiko desagertzeko eman zion hamar urteko atzerapena», adierazi zuten.
Ondoren, topa egin zuten, Gabonetan errepikatzen den desioa ahotan hartuta: 2012 baketsua. «Eta hor ez dago egitura militarrentzako lekurik».
«Armada ez da ukiezina»
Soldadutzaren derrigortasuna bertan behera utzi zeneko hamargarren urteurrenaren atarian, gerrarik eta armadarik gabeko mundua aldarrikatu du Kakitzat talde antimilitaristak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu