Euskal Herriko eragileen aldetik balorazio baikorrak jaso ditu Aieteko Adierazpenaren sinatzaile Jonathan Powellek joan den ostiralean Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeak egindako iragarpenaz, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullurekin, EAJrekin, PSE-EErekin eta Sorturekin egin zituen bilerak, atzo, Bilbon. Leku ezberdinetan batu zen eragile bakoitzeko ordezkariekin, eta guztiek esan zioten "urratsa" izan dela ETAk egiaztatzaileen bidez egindakoa, bakoitzak bere ñabardurak agertu arren. "Sentsazio onarekin" joan da, beraz.
Andoni Ortuzarrek osatu zuen, beste zenbait jeltzalerekin batera, EAJren ordezkaritza; Rodolfo Aresek, besteak beste, PSE-EErena; eta Hasier Arraizek, Urko Aiartzak eta Rufi Etxeberriak Sorturena.
Egiaztatzaileak Espainiako Auzitegi Nazionalera deitu ondoren, bertan behera geratu zen atzo Aieten "bake prozesua bultzatzeko" egitekoa zen ekitaldia. Dena den, hori egiteko konpromisoa helarazi zien Powellek guztiei atzo, eta horretarako beharrezko kudeaketa egingo duela ziurtatu.