Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariaren arabera, ETAk egin beharko lukeen "gutxienekoa" desarmatzerako egutegi bat aurkeztea litzateke. Adierazi du hori egiteko "ez Espainiako Gobernua ezta zailtasun operatiboak" ere ez direla "arazo".
Fernandezek Deia egunkariari emandako elkarrizketan adierazi duenez, "ez da serioa" armen zigilatze prozesua "inork egiaztatu gabe eta egutegirik gabe egitea". Ildo horretatik, Jaurlaritzak joan den igandean egindako proposamenaren alde egin du. Fernandezen iritziz, ezker abertzaleak eta ETAk balioetsi behar dute ea mahaiaren beste aldean solaskideak izan nahi dituzten ala ez: "Elkarrizketarako proposamen hauek baztertzen badituzte, argi dago mahaiaren beste aldeko aulkia hutsik egongo dela", ohartarazi du.
Bake eta Bizikidetza idazkariak berretsi du Jaurlaritzak nazioarteko egiaztatzaileen lana "errespetatu eta babestu" egiten duela. "Ezin duguna egin da ondoriorik ez duten prozesuak babestea". Jaurlaritzak bere proposamena zabaldu aurretik, nazioarteko begiraleek jakinarazi zuten erakunde armatuak erabateko desarmerako urratsak egiten jarraitzen duela: "Armen, jaurtigaien eta lehergailuen inbentarioa egitea eta haiek indargabetzea oinarrizko urratsa da erabateko desarmea lortzeko", adierazi zuten ohar bidez.