Armagintzan murrizteko eskatuko dute Bardean

Nafarroako tiro eremuaren kontrako 25. ibilaldia egingo dute igandean, desegin dezatela galdegiteko

Erredakzioa
Iruñea
2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Hezkuntza eta osasun alorretan mozketak egin beharrean gastu militarrik ez egiteko eskatuko dute igandean, ekainak 3, Bardeako tiro eremura (Nafarroa) egingo duten ibilaldian. Tiro eremuaren aurkako plataformak deitu du martxara, eta gaur aurkeztuko dute aurtengoa, Iruñean. Berezia izango da antolatzaileentzat, mende laurdena baitu ibilaldiak. 25. aldiz bilduko dira ekaineko lehenengo igandean. Eguerdian abiatuko dira, Arguedasko Aguilares eremutik, 11:30ean elkarretaratze bat egin ondoren. Hainbat sindikatuk, alderdi politikok eta eragile sozialek babesa adierazi diote ibilaldiari, eta kultur arloko pertsona ugarik ere atxikimendua adierazi dute.

Bestalde, Erriberako herrietako udaletan mozioak aurkeztuko ditu Bardeako Tiro Poligonoaren Aurkako Plataformak, eremua desegiteko eskaerarekin bat egin dezaten. Azkenaldian Espainiako armadak hainbat saio egin dituela ohartarazi du plataformak, aurretik abisatu gabe. Halaber, kritikatu du herritarrei ez dietela ematen saio horien arriskuen eta kostu ekonomikoaren inguruko informaziorik. Espainiako Defentsa Ministerioari eta herritarrei eskaera bana egin die plataformak: Bardean egindako azken saioen inguruko informazioa hedatzeko, gobernuari; «baketsua, lagunartekoa eta jai girokoa» izango den ibilaldian parte hartzeko, herritarrei. Ehunka pertsonak parte hartu dute aurreko urteetan.

1951n ezarri zuten eremu militarra Bardean, eta Espainiako eta Ameriketako Estatu Batuetako armadek erabili izan dute saioak egiteko. PSOEren gobernuak berritu zuen azkenekoz Bardean tiro eremua mantentzeko kontratua, 2008an. Hogei urtez luzatu zuen kontratua orduko defentsa ministro Carme Chaconek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.