euskal herria

Armagintzaren aurkako bizikleta martxa batera deitu dute zenbait erakundek apirilaren 30erako Bizkaian

Arma enpresek Israelgo armadak palestinarren kontra egiten dituen erasoetan duten erantzukizuna salatuko dute.

Berria.info
2011ko apirilaren 26a
17:17
Entzun

Askapena, Eguzki, Mewando Sarea, Ekologistak Martxan, Kakitzat eta Komite Internazionalistak erakundeek armagintzaren eta gastu militarraren aurkako laugarren bizikleta martxa deitu dute apirilaren 30erako. Martxa Bilbotik irtengo da eta Barakaldo eta Getxora hurbilduko da, Bizkaiko arma enpresa nagusienetakoen ateetara, hain zuzen ere.

Ekimenaren antolatzaileek prentsaurrekoan azaldu dutenez, ekintza honen bidez, arma enpresek Israelgo armadaren bidez palestinarrei egindako erasoetan duten erantzukizuna salatu nahi dute, baita Libiako gerran dutena ere.

Horrela, aipatu erakundeek salatu dute Getxon kokaturiko Sener enpresak Rafael armagintzako enpresa israeldarrari beren hegazkin militarretarako sentsoreak diseinatzen dizkiola, "gero Gazako biztanleak bonbardatzeko".

Horregatik, armagintza industria militarra zibilera bihurtzea exijitu dute, eta "iragan hurbil batean honen ereduak" daudela nabarmendu; adibide bezala, Orbea bizikleten fabrika aipatu dute, hasieran pistola, errebolber eta antzeko armak fabrikatzen baitzituen.

Martxaren deitzaileen arabera, Euskal Herriko armagintzan ehun enpresa inguruk hartzen dute parte, eta sektore honek Estatuan duen garrantzia %15-20 tartean jarri dute. Bizikleta martxa goizeko 11:00etan aterako da Bizkaiko Foru Aldunditik, Bilbon. Mobilizazioan Victor Hugo Garridok parte hartuko du, 2009ko txirrindularitza paralinpiko munduko txapeldunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.