Urteroko moduan, inauteriak baliatu dituzte KEM-MOC plataformak eta Sinkuartel konpartsak armagintzara bideratzen den dirua salatzeko. Goizeko 11:00 aldera egin dute ekitaldia, Bilboko Juan de Garay kalean dagoen kuartel militarraren parean. Han euren armak —maskarak, lepokoak eta abar— entregatu dizkiete militarrei.
"Gizartearentzat oinarrizkoak diren alorretan murrizketak egiten jarraitzen duten bitartean, armagintzarako aurrekontuak handitzen jarraitzen dute, inolako lotsarik gabe", gaitzetsi dute elkarteek. Hala, gizartea aldatzeko desobedientziarako eta ekintza baketsuetan parte hartzeko deia egin dute: "Beharrezkoa dugu aldaketa gizarte justuagoa eraikiko badugu".
Horretaz gain, Segurtasun Legea deritzona ere gaitzetsi dute bi erakundeek, ohartaraziz haren helburu bakarra dela disidenteak isilaraztea eta boterea babestea.