Armarik gabeko euskal separatistak

ETA erakunde sortu berriari buruz informazio asko eta zehatza zuen polizia frankistak. Buletinen arabera, oraindik antolaketa lanetan ari ziren. 

Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2013ko maiatzaren 5a
06:12
Entzun

"ETA garai hartan ez zegoen armatua". Hitz horiek esan zizkion Igandea-ri Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi -k (Donostia, 1929-2012), Nork hil zuen Begoña Urroz? erreportajerako 1960ko ekainean Donostian izan ziren atentatuei buruz elkarrizketatzerakoan. Eta, orain, ETAren sortzaile eta buruzagietako batek esaniko hitz horiek berresten dituzte Xavier Montanyak Espainiako Artxibo Historiko Nazionalean eskuratu dituen polizia txostenek: "1960, 1961 eta 1962ko buletin guztiek hastapenetan zegoen erakundetzat jotzen dute ETA". Banderak erretzen, pintaketak egiten eta propaganda banatzen ari zen erakunde separatistatzat jotzen dute, "hau da, Espainiako Estatuko hainbat lekutan sei leherketa jarraian eragiteko gaitasunik gabekoa", azpimarratu du Montanyak.

1960ko ekainaren 27an, Donostian Begoña Urroz haurra hil zeneko atentatua izan eta urtebetera egin zuen ETAk bere lehendabiziko sabotaje garrantzitsua: Donostiara Francoren altxamenduaren 25. urteurrena ospatzera zetozen soldadu ohien trena bidetik ateratzen saiatu zen 1961eko uztailaren 18an.

Montanyak eskuratu dituen polizia txostenen arabera, Rafa Albisu, Manuel Laspiur eta David Lopez Dorronsoro ETAkoek Donostiatik Bilborako lehen tunelaren osteko trenbide zatian torloju batzuk kendu zituzten. Honela dio txostenak: "Hamar edo hamabi kendu zituzten, eta eten egin zuten jarduna. Albisuri, bere deklarazioan esan zuenez, basakeria iruditu baitzitzaion egiten ari zirena".

Sabotaje hark ez zuen eraginik izan, eta trenak inolako arazorik gabe igaro ziren egun hartan. Hala, Donostia Francoren altxamendua ospatzera etorritako soldadu ohiz bete zen.

Hogeitik gora atxilotu

Egun berean, arratsaldez, Donostian zehar jarrita zeuden bandera espainolak erretzen aritu ziren hainbat etakide, eta ekintza horietan utzitako arrastoen ondotik atxilotu zituzten haietako batzuk. "Desastre bat izan zen. Segurtasun neurriak ez ziren batere ongi bete", azaldu zuen Nork hil zuen Begoña Urroz? erreportajean Julen Madariagak, ETAko buruzagi izandakoak. Hain zuzen, buletinetan ageri denez, atxiloketa horiei esker lortu zuen Poliziak ETA hasi berriari buruzko informazioa, hots, polizia galdeketetan —1961eko udan, ETAko ustezko hogeitik gora kide atxilotu zituen Poliziak—.

Atxiloketa horiekin "Eusko Alderdi Jeltzalearen talde organiko bat" desegin zutela ageri da Poliziaren abuztuko txostenetan. Bertan zehazten duenez, Eusko-Gazteditik —EAJren gazte erakundea— bereizitako erakundea zen ETA: "Hauen eginkizuna ekintza taldeak kontrolatzea da". Eta ekintza horiek aurrera eramateko, taldean sartuko zen jende bila ari ziren, "euskal separatismoaren" historia eta teoriari buruzko formazioa jasotzearekin batera.

Polizia txostenean jasotzen denez, aparatu militar bat eratzeko asmoa ere bazuen orduko ETAk: "Bere hierarkia berezkoa izango duen aparatu militar bat egiteko proiektua zutela dirudi, Aljeriako Askapenaren Aldeko Fronte Nazionalaren antzekoa". Dena dela, ekintzarik garrantzitsuenak banderak erretzea eta propaganda banatzea zirela diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.