Auzitegi Nazionalak Arnaldo Otegi absolbitu egin du gaur eguerdian, Jose Mari Sagardui Gatza-ren omenaldiaren auzian. Gatza espetxean zela, 2005ean, bere herrian egin zitzaion omenaldian ETAri gorazarre egiteagatik epaitu zuten orain dela bi aste Otegi. Auzi horretan Otegi epaitzen zuten bigarren aldia izan da, lehen epaiketan Angela Murillo epaileak partzialtasuna agertu zuelako. Orduko horretan bi urteko espetxe zigorra ezarri zion Murillok. Beste neurririk hartu ezean, Otegik espetxean jarraituko du Bateragune auziko epaiaren zain.
Epaian Auzitegi Nazionaleko laugarren aretoak dio akusazioek euren idatzietan aurkeztutakoak ez datozela bat omenaldiaren grabaketan ikusten direnekin. Gainera, idatzi horiek egunkarietako komatxo artetik hartu dituztela diote epaileek, eta horren aurrean bideo irudiak gehiago direla, euren objektibotasunagatik. Otegik Gatzaren omenaldian esan zituenak zer helburu zuten ez dakitela ebatzi dute epaileek, eta zalantzaren aurrean auzipetuaren alde egin behar dela argudiatu dute.
Fiskalak bi urte eta erdiko zigorra eskatu zuen Gatza eta Nelson Mandela alderatzagatik Otegirentzako. Gatza Euskal Herriko Mandela zela esateagatik auzipetu zuten zehazki. Adierazpenak egin zituen unean espetxean zegoen Gatza; 31 urteko zigorraren ostean apirilaren 13an atera zen. Epaiketan Otegik esan zuen inoiz ez duela indarrez jokatzera deitu, eta garrantzia kendu zion presoaren argazkiaren aurrean egin zuen lore eskaintzari.
Lehen epaiketa, baliogabe
"ETAren indarkeria irmoki gaitzesten al duzu?", galdetu zion Murillok Otegiri lehen epaiketan. "Ez dut erantzungo", erantzun zuen horrek. "Oso ondo, banekien ez zenuela erantzungo", gaineratu zuen epaileak. Azken hitz horregatik baliogabetu zuten aurreko epaiketa, Gorenaren epaiaren arabera, Murillok Otegiren aurka aurre-iritzi bat adierazi zuelako. "Banekien galdetuko zenidala", eman zion azken hitza Otegik Murillori.
Bigarren epaiketan beste epaile batzuk epaitu zuten Otegi: Javier Gomez Bermudez, Nicolas Poveda eta Carmen Paloma Gonzalez. Fiskalak 18 urteko espetxe zigorra eskatu zuen Otegirentzat, eta Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia herri akusazioek lau urte eta erdiko eta bost urteko espetxe zigorra eskatu zuten, hurrenez hurren.
"Euskal Herriko Mandela"
Mandelak bezala, Sagarduik "injustiziaren aurka eszenatoki demokratiko bat lortzeko" borroka egiten zuela esan zuen Otegik omenaldian. Presoen kolektiboak "kartzela, errepresioa, sufrimendua, konpromisoa, leialtasuna eta diziplina" ezagutzen dituela ere esan zuen, eta "eurek emandakoari esker Euskal Herrira demokrazia eta justizia" ekarriko dutela.
Gatzaren omenaldia hasi aurretik Auzitegi Nazionalean bertan Arnaldo Otegi Bateragune auziarengatik epaitu zuten. Epaiketa horretan azken hitza hartzean ETAren 'm' militarra soberan dagoela esan zuen, eta oztopo dela. Fiskalak hamar urteko espetxe zigorra eskatu zuen beretzat, eta epaiaren zain dago. Gatzaren omenaldiaren auzian erakutsi zuen partzialtasun ezagatik ez Bateragune auzia Angela Murillok ez epaitzea eskatu zuen Otegiren defentsak, baina eskaera hori ez zuten aintzat hartu.