Arnaldo Otegi aske uzteko eskatu dute Madrilen

Aresen ustez, «astakeria» bat da ezker abertzaleko kidearen askatasuna aldarrikatzea

Erredakzioa
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Arnaldo Otegiren askatasuna aldarrikatu zuten hainbat herritarrek atzo, Madrilen eginiko ekitaldi batean. Han izan ziren, besteak beste, Otegiren senide bat, 1975ean afusilatutako Jon Paredes Manot Txiki-ren anaia, Andres Sorel idazlea eta Begoña Lalana eta Doris Benegas abokatuak. Arnaldo Otegiren Askatasunaren Aldeko Nazioarteko Ekimenak antolatu zuen ekitaldia.

Abuztuan Sao Paulon (Brasil) eginiko Gizarte Foroan hasi zuten Arnaldo Otegiren askatasunaren aldeko ekimena, eta dagoeneko nazioarteko 500dik gora pertsonak babestu dute. Herenegun, Vigon (Galizian) aurkeztu zuten, eta han ziren, besteak beste, Xose Manuel Beiras BNGko eledun ohia, Camilo Nogueira BNGko zuzendaritzako kidea eta Xose Luis Mendez Ferrin idazlea. «Garai historiko honetan», Euskal Herriak Arnaldo Otegi bezalako «liderrak» behar dituela azaldu dute ekimeneko kideek, eta ezker abertzaleko kidea espetxean edukitzeko «arrazoi objektiborik» ez dagoela diote.

«Ezjakinak», PPren ustez

Anoetako ekitaldia dela eta, Espainiako Auzitegi NazionalakArnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez absolbitu izana «ontzat» jo du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. «Auzitegien erabakiak errespetatu egin behar dira, gustatu ala ez», adierazi du.

Lopezen ustez, halere, alderdi guztiek ez dituzte auzitegien erabakiak errespetatzen. «Ondo egongo litzateke guztiek gauza bera egingo balute», esan du erreferentzia eginez EAE-ANVren zerrenden baliogabetzeei buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiaren aurka azaldu diren eragileei.

Jose Antonio Alonso PSOEk Espainiako Kongresuan duen eledunak ere hizpide izan du Estrasburgoko auzitegiaren erabakia. «Horrek agerian uzten du Espainiako erakundeek hartzen dituzten erabakiak egokiak direla».

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari, berriz, ez zaio ondo iruditzen alderdi politiko batzuek eta herritarrek Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearen askatasuna aldarrikatzea. «Astakeria bat da hori eskatzea. Justiziak autonomia osoz funtzionatzen du, eta baten bat auzipetuta badago, epaitegietara joan beharko du. Otegiren askatasuna aldarrikatzen dutenek ez dituzte errespetatzen botere banaketa eta Justiziaren erabakiak».

Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia «errespetatzen» duela adierazi du Aresek, bainaOtegi beste auzi batzuengatik auzipetuta dagoela eta behin-behinean preso jarraitzen duela gogoratu du.

Auzitegien erabakiak errespetatzen dituela esan du Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak ere; hala ere, Otegi «Al Capone bezain errugabe» dela adierazi du. Era berean, gaineratu du, Otegi bezala gainontzeko ezker abertzaleko kideak «estutzen» jarraitu beharra dagoela, «bakean bizitzeko aukera gehiago egongo baitira horrela». «Ezjakinak» deitu die, halaber, Otegiren askatasuna eskatzen duten eragile eta herritarrei. «Ezjakinek esaten dutenaz harago, horrelakoa da errealitatea. Haiek estutzen jarraitu beharra dago askatasunean bizi nahi badugu», adierazi du PPko buruzagiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.