Mario Bulgarelli eurodiputatu berde italiarraren bisita izan du gaur Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagiak Martuteneko espetxean. Ordubetez egon da Bulgarelli Otegirekin, eta Batasuneko buruzagia "ondo eta indartsu" ikusi duela agertu du ondoren, Jone Goirizelaiak eta Joseba Alvarezek lagunduta Donostian egin duen agerraldian.
Besteak beste, Italian giza eskubideen alde aritzen diren epaile demokraten ekimen baten berri eman dio Otegiri, Batasuneko buruzagiaren kasua Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegira eramatea aztertzen ari baitira. Ekainaren 8tik dago Martuteneko kartzelan ezker abertzaleko burua, 2003an Jose Migel Beñaran Argalaren omenaldian egindako adierazpen batzuen harira "terrorismoa goraipatzeagatik" 15 hilabeteko espetxe zigorra ezarri baitzion Auzitegi Nazionalak.
Baina Otegiren egoeraz ez ezik, oro har, Euskal Herriko gatazkaz aritu da Bugarelli, eta EB Europako Batasunak konponbidean "parte-hartze eraginkorra" izan beharko lukeela aldarrikatu du. Bulgarelliren aburuz auzia ez dagokio soilik Espainiari edo Frantziari, baizik eta hedadura zabalagoa du: "Euskal Herriko auziak alderdi europar bat dauka, eta, beraz, ezinbestekoa da gatazkaren konponbidean Europako herrialdeen parte-hartzea bilatzea". Bide horretan, iazko urriaren 26an Europako Parlamentuan gatazkaren konponbide elkarrizketatuaren alde onartu zuen ebazpena oroitarazi du.
Bulgarelliren arabera, ezinbestekoa da konponbide prozesuari berriro lehenbailehen heltzea, osterantzean, 2008an Espainiako eta 2009an Eusko Legebiltzarreko bozak egingo direla aintzat hartuta, hauteskunde giroko gaiek gaina hartu eta konponbidearen beharra bigarren mailan geratzen arriskua ikusten baitu.
Politika
Arnaldo Otegi bisitatu du espetxean Bulgarelli eurodiputatu italiarrak
Euskal Herriko gatazkaren konponketan Europako Batasunak parte hartze eraginkorra izan beharko lukeela iritzi dio. Otegiren kasua Giza Eskubideen Europako Auzitegira eramatea aztertzen ari direla agertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu