Arnaldo Otegi ezker abertzaleko ordezkari espetxeratuaren iritzi artikulua plazaratutako du bihar BERRIAk. Hona hemen, aurrerapen gisa, idatziko pasarte batzuk:
"Horrek guztiak ez du esan nahi, aro ezberdinen arteko igarobidean gauden honetan, Estatuak ez duenik azken urteotan blokeorik behartzea eta gure estrategia, neurri batean, neutralizatzea lortu. Horrek ezinbestekoa den indar metaketa gauzagarri bihurtzea oztopatu du; eta, jakina, independentziaren proiektu politikoa ahalbidetuko duen egoerara iristeko gakoa indar metaketa da. Azken bururaino eramandako errepresio estrategiak aipatu blokeoa areagotu du, beste helburu berri batekin gainera: Alderdien Legearen eta mapa politikoaren faltsuketaren bitartez, unionismoaren nagusitasun politikoa eta instituzionala ezartzea. Estatua eroso da eskema horretan, parametro horietan denbora bere alde dagoela uste baitu".
"Horrenbestez, prozesu demokratikoa aldebakarreko erabakiz irekitzea inflexio puntua da. Horren gainean eraikitzen ari dira eta eraikiko dira arian-arian fase politiko berria marraztuko dituen ekimen poltikoak".
"Baina ezin diogu soilik gure buruari begiratu eta besteak baztertu, egindako guztia lankidetzaren eta gure herriko beste indar eta sektore batzuen lanaren uzta ere baita. Gure aldebakarreko apustuak eraginkortasun handiagoarekin eragitea ahalbidetu digu, eta beste batzuek ere norabide egokian urratsak egiteko baldintzak sortzea erraztu du, bai Euskal Herrian, bai nazioartean. Hilabeteotan enpirikoki egiaztatu dugu apustuak irabazi garbiak ematen dituela eta, beraz, berau trinkotzea eta sakontzea baizik ez dugu egin behar".
"Gure apustua, beraz, hauxe da: independentismoaren protagonismoaren bidez eta Euskal Herrian orube demokratikoa lortu nahi duen edonori elkarlanerako eta akordiorako eskua luzatuz, aldagai politikoetan eta sozialetan eragin, egiturazko aldaketa gauzatu ahal izateko. Ez gara ari, beraz, mugimendu taktikoetan edo, are gutxiago, hauteskundeei begirako jokaldietan. Beste fase politiko bat indartzeko ahaleginean ari gara, eta horretan egin beharreko bidean, herri gogoari bereziki erreparatuta, ezker abertzaleak estrategia egokituarekin eta lanabes berriekin motore nagusia izan behar du; apaltasunarekin, elkarlanean eta gainerako eragileei errespetua gordez". "
AURRERAPENA
Arnaldo Otegi: "Ez gara ari mugimendu taktikoetan edo, are gutxiago, hauteskundeei begirako jokaldietan"
Ezker abertzaleko ordezkariak idatzitako iritzi artikulua argitaratuko du bihar BERRIAk. Elkarlanaren bidez mugimendu independentista trinkotzearen aldeko apostua eta hartarako prestutasuna berretsi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu