[youtube]https://youtu.be/qZOX4t1IADQ[/youtube]
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzo erabaki zuen Arnaldo Otegiren inhabilitazioari buruzko helegitea tramiterako ere ez onartzea, EH Bildukoak ezingo du aurkeztu EAEko bozetara –lehendakarigai hautatu zuen koalizioak–, eta horrek erreakzio soka luzea eragin du biharamunean. Eguerdian egin du balorazioa Otegik, Donostian, koalizioko herrialdeetako zerrendaburu eta alderdietako kideekin.
"Lasaitasun mezua" bidali dio "euskal jendeari" Otegik: "Herri honen etorkizuna ez dute epaiek idatziko". Aitortu du auzitegiaren erabakiak ez dituela ustekabean hartu, eta ziurtatu du berak jarraituko duela kanpaina egiten: "Espainiako Estatuak arazoa ez du Otegirekin. Euskal Herriarekin du, haren gogo eta borondate demokratikoarekin". Legebiltzarkide ez izan arren, berak Eusko Legebiltzarrean lan egiteko "aukerak" badaudela adierazi du.
Haren iritziz, epaiak agerian uzten du ez duela "merezi" Espainiako Estatuan jarraitzea: "Konstituzionalaren erabaki hau beste arrazoi bat da". Estatua ezein eremutan euskal herritarrei dagozkien erabakiak hartzen ari dela eta, Otegiren ustez horrela "ikusten da zer autogobernu maila" dagoen.
Irailaren 25eko hauteskundeetan EH Bilduk emaitza onak lortzen baditu datorrena "legealdi galdutzat" ez jotzeko aukerak egongo direla dio. "Legealdiak aukerak emango ditu akordio handiak egiteko".
Bateragune auziko sententzia baliatu dute auzitegiek Otegiri aurkezten ez uzteko, eta EH Bildukoak gogoratu du auziari buruzko helegitea Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren esku dagoela.
Hain justu, gaur arratsaldean parte hartu du Otegik Euskaldunan, Denon Herria proposamena aurkezteko ekitaldian. Han eskerrak eman dizkie txaloka hartu duten ehunka lagunei: "Herritarren maitasuna ezin dute debekatu auzitegiek".
Urkullu: "Ez genuen egoera honetara iritsi behar"
Otegiren aurretik hitz egin dute beste ordezkari politiko batzuek. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria eta EAJren lehendakarigaia izan da bat: "Ez genuen egoera honetara iritsi behar". Hori esanda, Urkulluk nabarmendu du indar politiko guztiek "proiektuak, programak eta proposamenak aurkezteko aukera" dutela eta bera saiatuko dela "ideiak ardatz dituen kanpaina bat" egiten.
EAJko presidente Andoni Ortuzarrek ere hizpide izan du auzitegiaren erabakia. Antena3 telebista katean, esan du Otegiren inhabilitazioarekin EH Bilduk "puntuak irabazi" dituela hauteskundeei begira, uste baitu euskal herritarrek "leku txarrean" utzi behar zutela koalizioa irailaren 25ean. Bestalde, azaldu du EAJk nahiago zuela Otegi bozetan egotea eta "euskal herritarrak izatea bere lekuan jartzen dutenak". "Ezker abertzaleak oso ongi erabili du beti biktimismoa", erantsi du Ortuzarrek.
Sorturen ustez, erabakiak "agerian uzten du, beste behin ere, Espainiako Estatuaren izaera guztiz antidemokratikoa". Debekuaren aurrean "ozen" erantzuteko eskatu du, "lehendakari onena herria dela eta kanpo esku hartzerik gabeko bide librea egin nahi duela erakutsiz. Sortuk bere ahalegin guztia biderkatuko du datozen asteetan kalean eta herritarrekin".
Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiarentzat ere ez da "sorpresa" izan auzitegiaren erabakia, magistratuek "gainerako instantziek" emandako bidetik jo dutelako: "Alderdiok ez dugu esan behar nor aurkeztu behar den eta nor ez. Hauteskunde legeek diote hori, eta hautagaiek baldintza berak bete behar ditugu".
Alfonso Alonso PPko lehendakarigaiari, berriz, "eskandalagarria" iruditu zaio gizarteak ez baztertzea "gaizkile batek karrera politikoa" egiteko aukera. Ontzat jo du auzitegiaren erabakia, baina uste du gizarteak bestelako jarrera lukeela "beste delitu batzuengatik" egon izan balitz Otegi kartzelan.