Politika

Arnaldo Otegi: "Indar politiko guztiekin ari gara harremanak izaten saiatzen"

Euskal Herriko gatazka konpontzeko "akordio plurala, nazionala eta demokratikoa" behar dela adierazi du Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak. Ildo horretatik, hitzarmen horren bila, indar politiko guztiekin harremanak izaten saiatzen ari direla esan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan; alderdi guztiekin hitz egiteko prest direla baldintzarik jarri gabe. Otegiren arabera, "bake prozesuaren aurreko unea" da egungoa, eta, ondorioz, "zuhurtziaz" kudeatzeko momentua dela azpimarratu du.

2005eko uztailaren 19a
16:29
Entzun
"Konponbidea lortzeko akordio plurala, nazionala eta demokratikoa behar da; Euskal Herriaren erabakitzeko ahalmenean oinarrituta sentsibilitate politiko gutiak batuko dituen hitzarmena. Hori da gure helburua. Eta helburu hori lortzeko ari gara saiatzen elkarrizketak izaten konponbidea lortzeko eragingarriak eta beharrezkoak diren guztiekin. Anoetan esan genuenari eusten diogu: denok gara beharrezkoak konponbidea lortzeko, denok gara beharrezkoak akordioan, denok gara beharrezkoak elkarrizketan. Ildo horretatik indar guztiekin ari gara harremanak izaten saiatzen", agertu du Otegik. Gainerako alderdiekin hitz egiteko ez dutela baldintzarik jarriko zehaztu du.

Egungoa bake prozesuaren aurreko unea dela iritzi dio Batasuneko bozeramaileak, eta, ondorioz, "zuhurtziaz" kudeatu beharrekoa. Ildo horretatik, protagonismo nahiekin kontu berezia izan behar dela adierazi du. "Protagonismoa alderdi guztiena izan behar da, eragile sozial eta sindikal guztiena; eta, azkenik, herriarena izan behar da. Bake prozesu bat denena da, denena izan behar duelako, denok garelako beharrezkoak. Adierazpenak egiterakoan, komunikabideen aurrean, zuhurtzia piska bat eskatuko genuke. Guk edukiko genuke aukerarik titular handiak emateko, eta ez ditugu ematen", nabarmendu du. Prozesuaren gidaritza alderdi guztiek partekatu behar dutela erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.