Politika

Arnaldo Otegi: "Inoiz ez dut indarrez jokatzera deitu"

Gatzaren omenaldian parte hartzeagatik berriro ari dira epaitzen Arnaldo Otegi, gaur. Ekitaldi horretan espetxeren krudeltasuna salatu zuela berretsi du, eta gaur ere salaketa horretan sakondu du deklarazioan. Auzitegi Gorenak baliorik gabe utzi zuen lehen epaiketa, Angela Murillo epaileak partzialtasunez jokatu zuelako.

2011ko uztailaren 12a
14:14
Entzun

Inoiz indarrez jokatzera deitu duenik irmo ukatu du gaur Arnaldo Otegik Auzitegi Nazionalean. Auzitegi Nazionalean berriro ari dira epaitzen Otegi 2005eko uztailean Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoaren omenaldian parte hartzeagatik. Auzitegi Nazionalak aurreko epaiketa batean bi urteko espetxe zigorra eta hamasei urteko inhabilitazioarekin zigortu zuen Otegi, baina Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen epai hori, Angela Murillok partzialtasunez jokatu zuelako.

Gaur deklaratu duenez, Gatzaren omenaldian bere askatasuna eskatu eta espetxe polikiaren krudeltasunaz mintzatu zen. Ekitaldiaren aurretik, Gatzaren bikotekidea berarekin harremanetan jarri zela adierazi du epaileen aurrean, eta ekitaldiari kutsu politikoa eman nahi ziotela azaldu ziola. Bere ahotan Sagarduiren salaketa ozenago entzungo zelakoan parte hartu zuela esan du.

"Espetxeak bisitatu beharko lirateke, barruan egunean 24 orduz egotea zer den jakin, jende guztiak jakin dezan zer arinkeriarekin hitz egiten den batzuetan norbaitek bi urtekin ordaintzen duela esaten denean", azaldu du Otegik. Gatzak 31 urtez bizi izan duen egoeraz gaineatu du "eskandalu juridikoa eta politikoa" dela salatu du, eta ez dela munduan beste inon horrelakorik gertatzen".

Omenaldian egin zuen lore eskaintzari garrantzia kendu dio Otegik, eta errespetu keinu bat dela adierazi du: "Horrek esan nahi al du ideologikoki bat egiten dudala berarekin?" galdetu die epaileei.

Lehen epaiketa, baliogabe

"ETAren indarkeria irmoki gaitzesten al duzu?", galdetu zion Murillok Otegiri lehen epaiketan. "Ez dut erantzungo", erantzun zuen horrek. "Oso ondo, banekien ez zenuela erantzungo", gaineratu zuen epaileak. Azken hitz horregatik baliogabetu zuten aurreko epaiketa, Gorenaren epaiaren arabera, Murillok Otegiren aurka aurre-iritzi bat adierazi zuelako. "Banekien galdeuko zenidala", eman zion azken hitza Otegik Murillori.

Gaur beste epaile batzuk ari dira epaitzen Otegi: Javier Gomez Bermudez, Nicolas Poveda eta Carmen Paloma Gonzalez. Fiskalak 18 urteko espetxe zigorra eskatu du Otegirentzat, eta Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia herri akusazioek lau urte eta erdiko eta bost urteko espetxe zigorra eskatu dute hurrenez hurren. Gatza Euskal Herriko Mandela zela esateagatik ari dira epaitzen. Adierazpenak egin zituen unean espetxean zegoen Gatza; 31 urteko zigorraren ostean apirilaren 13an atera zen.

"Euskal Herriko Mandela"

Mandelak bezala, Sagarduik "injustiziaren aurka eszenatoki demokratiko bat lortzeko" borroka egiten zuela esan zuen Otegik omenaldian. Presoen kolektiboak "kartzela, errepresioa, sufrimendua, konpromisoa, leialtasuna eta diziplina" ezagutzen dituela ere esan zuen, eta "eurek emandakoari esker Euskal Herrira demokrazia eta justizia" ekarriko dutela.

Ostegunean amaitu zen Auzitegi Nazionalean Arnaldo Otegiren aurkako beste epaiketa bat, Bateragune auzikoa. Ostegunean azken hitza hartzean ETAren 'm' militarra soberan dagoela esan zuen, eta oztopo dela. Fiskalak hamar urteko espetxe zigorra eskatu zuen beretzat, eta epaiaren zain dago. Gatzaren omenaldiaren auzian erakutsi zuen partzialtasun ezagatik ez Bateragune auzia Angela Murillok ez epaitzea eskatu zuen Otegiren defentsak, baina eskaera hori ez zuten aintzat hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.