"Ziurtatzen dizut gure askatasunaren aurka ebatziko duela Auzitegi Konstituzionalak. Ez digute barkatzen bakearen alde egindako apustu sendoa", erantzun dio Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruak La Jornada egunkariak egin dion elkarrizketan.
Otegik salatu du Espainiako Gobernuak ez duela bakea nahi, eta ETAk indarkeria erabiltzen zuen garaiaren falta sumatzen duela, "horrek bere izaera antidemokratiko, antisozial eta autoritario sakona ezkutatzeko kanpoko etsaiaren argudioa erabiltzea ahalbidetzen diolako".
Gaineratu du Otegik, Estrasburgok bere garaian ilegalizazioak babestuz ezker abertzaleari mezu bat bidali zion moduan —horrela ulertu zutela aitortu du Otegik—, orain Parot doktrinaren aurkako epaiarekin Espainiako eta Frantziako gobernuei beste mezu bat bidaltzen ari zaiola: "ETAk indarkeria alde bakarretik utzi ondoren, nazioarteak ez ditu babesten gure herriaren aurkako ezohiko politikak".
ETAren desarmeaz dio Otegik berak ez duela data bat emateko horren gaineko informaziorik, baina gatazkaren ondorioen agendan egon beharko lukeen gaia dela eta alde guztien parte hartzea eskatzen duela.
Azkenik, Kataluniako egoeraz ere galdetu dio kazetariak: "Kataluniako egoerak erakusten du Lizarra-Garaziko garaitik egiten ari garen analisiaren ziurtasuna eta egiatasuna, Espainiako trantsiziotik sortu zen lurralde eredua eta eredu politikoa zorionez eta behin betiko agortuta dagoela".
Euskal Herriak "presarik gabe baina geratu gabe" bide horretan Katalunia lagundu beharko lukeela uste du Otegik.