Haren aurkako epaiketa hasteko hilabete baino gehiago falta den arren, Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagi ohia Madrilgo espetxe batera eramango dute. Logroñon (Errioxa, Espainia) zeukaten orain arte, Euskal Herritik gertuago. Orain, epaiketa duela-eta, Madrilera urrutiratu dute. Gainera, haren hurkoei jakinarazi diete hiru egun beharko dituztela bidaia egiteko.
Anoetako ekitaldiari buruzko epaiketa izango da Espainiako Auzitegi Nazionalean. Otegirekin batera epaituko dituzte Joseba Permach eta Joseba Alvarez ere. 2004ko azaroaren 14an konponbiderako proposamena egin zuten ekitaldian "terrorismoa goratzea" egozten diete hirurei. Fiskalak 18 hileko espetxe zigorra eta 12 urteko erabateko inhabilitazioa eskatua du akusatu bakoitzarentzat. Ermuko Foroak, akusazio partikular gisa, bosna urteko espetxe zigorra eta hogeina urteko inhabilitazioa galdegin du.
Duela bost urte ezker abertzaleak Anoetako belodromoan egin zuen ekitaldia egitea da akusazioaren oinarria. Bertan, gatazkaren konponbiderako proposamena egin zuen Batasunak. Anoetako Proposamena gisa ezagutu zen ekarpena, eta gerora etorri ziren elkarrizketa prozesuaren zein ETAren su-etenaren abiapuntutzat jo zen.
Batasunaren lehentasuna bakea lortzea zela esan zuen Otegik, ekitaldiko mitin nagusian. Bakea guztien arteko elkarrizketatik besterik ez zela etorriko ohartarazi, eta horretarako prest zegoela adierazi zuen. Eragileen arteko desberdintasunak modu baketsu eta demokratikoan konpontzeko konpromisoa hartu zuen, eta akordiorako bi bide proposatu zituen. Batetik, Euskal Herriko eragileen artean adostasuna lortzeko elkarrizketa prozesua abiatzeko eskua luzatu zuen; eta bestetik, ETAk eta Espainia zein Frantziako gobernuek gatazkaren desmilitarizazioa adostu beharko luketela azaldu zuen. Etorkizun politikoa, ordea, herritarrek erabaki beharko luketela nabarmendu zuen, eta alderdi politiko zein eragileen elkarrizketek hitzartu beharko lituzketela hori oinarri demokratikoen gainean nola gauzatu.
Arafaten hitzak bere egin, eta «olibondo adarra eskuan» zuela eskaintza egiten ari zela adierazi zuen Otegik. «Adarra ez erortzen uzteko» eskatu zuen.
Eta, gorabehera batzuen ondoren bada ere, alderdiek hartu zuten Batasunak luzatutako eskua. Alderdi eta eragile gehienek begi onez hartu zuten eskaintza, eta konponbiderako bi bideen proposamena egokitzat jo zuten. Isilean lanean hasi, eta 2006ko uztailaren 6an irudikatu zen lehen aldiz alderdien arteko elkarrizketa, Batasuna eta PSE-EEren arteko bilera mahaiaren argazkiarekin. Kontutan hartu behar da Batasuna legez kanporatuta zegoela ordurako. Politikarien arteko lehen bilera publikoa baino lehen, martxoaren 22an, ETAk su-etena iragarri zuen. Eta, ekainaren bukaeran, Espainiako Gobernuak ETArekin elkarrizketak abiatzeko baimena eman zuen jendaurrean.
Horren guztiaren ondorioz abiatu zen konponbiderako prozesua, gerora saioak porrot egin zuen arren.
Anoetako ekitaldiaren aurkako salaketa hasieratik jarri zuten akusazioek, baina gero, ETAk su-etena iragarri baino hilabete lehenago, geldiarazi, eta hala egon zen 2008ko urrian Velasco epaileak berpiztu zuen arte. Berriz ere martxan jarri, diligentziekin aurrera egin, auzia prozedura laburtu bilakatu, eta iazko urrian jakinarazi zuen epaiketa egin egingo dela.
politika
Arnaldo Otegi Madrilgo espetxe batera eramango dute
Logroñoko espetxean zegoen preso Batasuneko buruzagi ohia. Anoetako ekitaldia dela-eta azaroaren 12an haren aurka epaiketa hastekoa dela arrazoituta eraman dute Madrilera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu