Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak gaur Donostian gogoratu duenez, Batasunak ez du igandeko manifestazio deitu, baina manifestazio horretan parte hartuko dute. "Manifestazio horretan apartheid politikoa salatuko delako herritar bezala, abertzale bezala eta ezkertiar bezala hor egongo gara eta demokrata guztiei dei egiten diegu manifestazio horrekin bat egiteko", azpimarratu du Otegik.
Hala, Herrizaingo Sailak, EAJk eta Eusko Jaurlaritzari "ardura politikoarekin jokatzea" eskatu die eta iazko irailaren 14an Bilboko kaleetan izan zen "triskantza" ez errepikatzea espero duela nabarmendu du. Otegiren esanetan, "guk dakigunez helegitea aurkeztu dute deitzaileek. Autoak berak argi esaten du manifestazio hori ez duela antolatu ez Batasunek ezta Herri Batasunak ere, baina guk horra joateko deia egiten dugulako debekatu dute".
"Gure eskubide politiko eta sozialak ukatuz, mobilizatzeko deia egitea ere ukatu nahi digute", nabarmendu du Otegik.
Arzalluzen hitzei kritika
Arzalluzen aurkako hitzak ere izan ditu Otegik. Batasuneko bozeramailearen arabera, Arzalluzek Euskal Herrian demokraziarik ez dagoela esaten du, legalitatea erabat manipulatuta dagoela eta justizia ez dela independientea, "baina aldi berean, lege hori aplikatuz manifestazioak debekatzen ditu".
"Arzalluzek beti esan du Aznar falangista dela, baina ez dakiguna da nola deitu Aznar deitutako falangista baten legeak betearazten dituenari. Gure ustez, jarrera hori arduragabekeri politikoarekin jokatzea da eta gainera kontraesan nabarmen bat dago horren atzean", esan du Otegik.
"PSE-EEren proposamena Espainia indartzeko proposamen bat da"
Arnaldo Otegi PSE-EEk autonomiaren inguruan kaleratu duen proposamenaz hizketan aritu da, eta "proposamen hori Espainiako autonomia indartzeko" dela esan du, "ez gatazka demokratikoki konpontzeko".
"Alderdi politiko guztiak aldaketa politikorako proposamenak mahai gainean jartzeko beharra sentitzen ari dira, eta horrek ezker abertzaleak azken 25 urteetan defendatutako tesia berretsi besterik ez du egiten", nabarmendu du Arnaldo Otegik.
Batasuneko bozeramailearen arabera, "herri honetan gauzak aldatu egin behar dira, baina PSOE-EE puntalak sartzearen aldekoa da".
"Herri honetan euskal gizartearen nahiaren arabera aldatu behar dira gauzak. Autodeterminazioa behar du Euskal Herriak, eta hori da euskal herritar guztiok dugun elkargune bakarra", amaitu du.
Batasunaren ilegalizazioa
Arnaldo Otegi: "Mobilizatzeko deia bera ere ukatu egin nahi digute"
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak gogor kritikatu du Herrizaingo sailak 'No apartheid. Autodeterminazioa' lemapean deitutako manifestazioa debekatzea. Ertzaintzaren arabera, hedabideen aurrean manifestazioaren berri eman zuten Iñigo Balda Donostiako Batasuneko zinegotzi ohiari eta Araitz Zubimendi SAko parlamentarioari "Garzonen autoak eragiten die" eta ezin dute mobilizazioetara deitu. "Mobilizatzeko deia egitea ere ukatu egin nahi digute", azpimarratu du Otegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu