Iragan ostiralean Eusko Legebiltzarrean Ibarretxe planaren aurkezpeneko eztabaidan agertu zituen tesiei jarraiki, "gatazka gainditzeko" borondatea dutenen arteko elkarrizketak abiatzea proposatu du Arnaldo Otegik. Proposamen guztien sintesi bat egiteko garaia dela iritzi dio, eta sintesi horren oinarriak Euskal Herria, zazpi herrialdeak, autodeterminazio eskubidea eta herri galdeketa direla berretsi du.
Ildo horretatik, EAJren ponentzia politiko berrian jasotzen den eraikuntza nazionalaren alde dauden alderdien arteko kontseilu bat eratzeko proposamena onuragarria dela uste du ezker abertzaleko buruzagiak, baina ideia horrek izango duen bilakaerak kezkatzen du; hots, EAJk tresna horibenetan garatzeko borondaterik ez izateak.
Hain zuzen ere, gaur egun jeltzaleen eta ezker abertzalearen artean ez dagoela komunikaziorik esan du Otegik, eta irtenbideak bilatzeko, elkarriketa falta hori oztopo handia dela. Hain justu, EAJren ponentzia politikoan jasotzen diren edukiez gaindi, jeltzaleen artean zabaldu den debate politikoan beste gako batek duela garrantzia uste du ezker abertzaleko buruzagiak: hau da, EAJk ezker abertzalearekiko izango duen jarrerak. "Ziklo politiko berriari ezker abertzalearekin edo ezker abertzalearen kontra ekin nahi dion erabaki behar du EAJk", adieradi du Otegik.
Nolanahi ere, Euskal Herriko gatazkari behin betiko irtenbidea bilatze aldera, eragozpen handiena "bi estatuak" direla nabarmendu du Otegik, "haiek baitira euskal herritarren erabakia onartzeko prest ez daudenak". Izan ere, behin betiko irtenbidea topatzeko, alderdien proposamenen "sintesia" "euskal herritar guztiak parte hartuko duten herri galdeketara" eraman behar dela iritzio dio ezker abertzaleko buruzagiak, eta galdeketa hori "inolako indarkeriarik gabeko egoeran" egin behar dela. Indarkeriarik gabeko egoera hori sortzeko ETA ez dela oztopo izango ziurtatu du Otegik; aitzitik, arazoak Espainiako zen Frantziako estatuetatik etorriko direla.
Politika
Arnaldo Otegi: "Ziklo politiko berriari ezker abertzalearekin edo ezker abertzalearen kontra ekin nahi dion erabaki behar du EAJk"
Gernikako Estatutuaren aroa amaitu dela berretsi du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak, eta Euskal Herriko gatazka behin betiko konpon dezakeen irtenbidea lortzea posible dela. Nolanahi ere, ziklo politiko berri horretan EAJk har dezakeen jarrera erabakigarria iruditzen zaio Otegiri; hain zuzen ere, jeltzaleek ezker abertzalearekin edo ezker abertzalearen kontra jardun erabaki behar dutela. Hala esan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu