Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak uste du PSE-EEk, Batasunak eta EAJk 2006ko udazkenean Loiolan (Azpeitia, Gipuzkoa) egindako negoziazioa "aurrerapena" izan zela eta hori "garatu" egin beharko direla biharko egunean. Hala adierazi du Res publica euskal atari juridikoari eman berri dion elkarrizketan. "Nahiz eta kartzelan dagoen, ezker abertzalearen jendaurreko erreferentea da", dio Res publica-k Otegigatik -iazko urrian atxilotu eta kartzelatu zuten, Batasuneko Mahai Nazionala berrosatu nahian zebilelakoan-. Otegi bera izan zen Batasunaren ordezkarietakoa Loiolako elkarrizketetan.
Azkeneko bake eta konponbide prozesu horretan berriro "pazientzia eza" izan zela azpimarratu du ezker abertzaleko kideak. "Aurrerapenak ikusteko beharra zegoen aldeetan eta, jakina, adostutakoa ez dela betetzen ikusten bada, horrek kalte egiten dio prozesuari eta bukaeran kolapsatu egiten du". Hala, hurrengorako "pazientzia handia" izateko eskatu du. "Irlandarrek esaten duen moduan, bizikleta pedaleatzen segitu behar da; izan ere, pedalei emateari utzitakoan, erori egiten zara".
Imanol Murua Uriaren Loiolako hegiak liburuan ere antzekoa dio Otegik. Honatx liburuko pasarte hori (61. orrialdea): "Autokritika bezala esango nuke ezker abertzaleak, tempus-arekin eta denborarekin, beste era batera jokatu beharko lukeela halako prozesu batean. Hau da, ezin daiteke planteatu prozesua krisian dagoela, su-etena eman eta hiru hilabetera. Zeren eta, hiru hilabetean krisian baldin badago, oso oinarri ahulak ditu. Eta, horretarako, ez gara sartzen horrelako prozesu batean. Uste dut urduritasun puntu batekin ere jokatu genuela".
Hurrengo prozesuak aurrera egiteko, "oinarri sendoak" beharko direla iritzi dio Otegik. "Giro juridiko politiko egokiak egon behar du, gutxienezko baldintzak. Halaber, baseekin eta gizartearekin komunikazio handia behar da denon partetik. Zintzotasunak ere egon behar du, guztiok joateko eraikitzen prozesua eta konponbidea".
"ETAk ere ikusi beharko du zer ekarpen egiten duen"
"Aldaketa politikoa" egiteko "herrian baldintzak" badaudela uste du, eta orain hori "prozesu demokratikoaren bidez" gauzatu behar dela, "inolako indarkeriarik eta injerentziarik gabe". "Herri osoko eragileek, ETAk barne, ikusi beharko dute zer ekarpen egin dezaketen prozesu demokratikoa aurrera joateko".
Bide horretan "independentisten eta aurrerakoien bat-egite estrategikoa" beharrezkoa dela berretsi du Otegik. Horretaz gain, "oinarrizko askatasunak" berriro izate aldera, "mugimendu zabal zeharkakoa" behar dela ere baderitzo Res publica-ri emandako elkarrizketan.
politika
Arnaldo Otegik dio "Loiolako aurrerapenak garatu" egin beharko direla, eta "pazientzia handia" izateko eskatu du
'Res publica' euskal atari juridikoak elkarrizketa egin dio ezker abertzaleko kideari. "Irlandarrek esaten duen moduan, bizikleta pedaleatzen segitu behar da; izan ere, pedalei emateari utzitakoan, erori egiten zara". Independentisten eta aurrerakoien "bat-egite estrategikoa" beharrezkoa dela berretsi du Otegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu