40 urteko ibilbidea eta gero, gogoetarako tartea hartu zuen iaz Elhuyarrek. Horren ondorioz, xede berriekin heldu diote 2013. urteari. Aro berria gizarteratzeko aurkezpena egin dute gaur goizean Usurbilen. Bertan, gainera, irudi korporatibo berria aurkeztu dute.
Elhuyarreko zuzendari nagusi berria Leire Cancio (Donostia, 1973) da. Ekonomi eta enpresaritza zientzietan lizentziatua Deustuko Unibertsitatean eta psikologian lizentziatua UNEDen. 2002tik da Elhuyarreko kide. Basque Research ikerketa webgunea diseinatzen eta garatzen aritu zen.
Elhuyar Fundazioko lehendakari berria Jose Mari Pitarke (Bilbo, 1960) da. Zientzia fisikoetan doktore. Euskaraz eta ingelesez aurkeztutako lehen tesia izan zen berea: tunel-espektropiaz eta solidoetako elektroi- eta fotoi-emisioaz egindako ikerketa. 2006an, nanoGUNE ikerketa-zentroaren zuzendari nagusi izendatu zuten. Euskalgintzan ere harremana izan du. Elhuyarren, berriz, 20 urtetik gorako lankidetza-harremana du.
Elhuyarreko aro berrian taldea lau unitatetan sailkatu dute: Hizkuntza eta teknologia —Josu Aztiria da arduraduna—, Elhuyar Zientzia —Maria Gil da arduraduna—, Elhuyar Aholkularitza —Aizpea Otaegi da arduraduna— eta Elhuyar Komunikazioa —Manex Urruzola da arduraduna—.
«Euskaratik eraiki dugun jakintza Europan ere baliagarri ikusten da», esan du Canciok. Bihar Elhuyarreko zuzendari berriari egindako elkarrizketa argitaratuko du Berriak.