Espero bezala, Aroztegiaren izaera «estrategikoa» aldarrikatu dute proiektu urbanistikoaren sustatzaileek, Nafarroako Legebiltzarrean eginiko agerraldian. Zehazki, «nazioarteko turismoa erakartzeko ezinbesteko tresna» izanen dela azpimarratu du Palacio de Aroztegia enpresako arduradun Salvador Urbistondok. Proiektuaren «iraunkortasuna» eta «ingurumenaren errespetua» ere azpimarratu ditu enpresaburuak, Lekarozen lau izarreko hotel bat, golf zelai bat, spa zirkuitua eta 226 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duen planaz hitz egitean. «Paisaian eta ingurunean ongi txertatuko da; ez du kalterik ekarriko, eta inguruaren onura ekonomikoa bermatzen lagunduko du. Gainera, hau ez da kanpoko multinazional bat, hemengo ekintzaileek atera nahi dugu aurrera proiektua».
UPNk, PPk, PSNk eta Geroa Baik bat egin dute enpresaren ikuspegiarekin, eta egitasmoa oztopatzea leporatu diote EH Bilduri. Koalizio abertzaleak, berriz, «amarru urbanistiko bat turismoaren zelofanarekin estaltzea» egotzi die proiektuaren alde daudenei: «Ez duzue esaten hirigintza plan handi bat dagoela turismo proiektuaren atzean, etxebizitza asko hutsik dituen eskualde batean. Enpresak aurreikusitako etxe guztiak salduko balitu, 78 milioi euroren negozioaz ariko ginateke», esan du. Baztanen erreferendum bat egitea proposatu dute EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak, eta halako ekinbideak PSIS udalez gaindiko proiektu sektorial gisa onartzean «herritarrei erabakitzeko ahalmena" ebasten zaiela nabarmendu dute ezkerreko indarretako parlamentariek.
Beltran: «Ergelak zarete»
Tentsioa izan da legebiltzarrean, PPko Ana Beltranek EH Bildu, Ezkerra eta Ahal Dugu-ko parlamentariak iraindu baititu. «Ergelak bakarrik egon daitezke proiektu honen kontra, eta turismoa mendialdean sustatzearen kontra. Ergelak, bai, eta Bilduz, Ahal Dugu-z eta Ezkerraz ari naiz, zehazki», esan du. Horren ostean, Ahal Dugu-ko parlamentariek alde egin dute, Beltranen hitzengatik protesta egiteko.
Batzordeko presidente Jokin Castiellak (Geroa Bai) hala eskatuta, Beltranek barkamena eskatu du, baina ez du atzera egin izan nahi: «Nire asmoa ez zen inor iraintzea, baina uste dut ergel hitza ongi erabilia zegoela. Hiztegiaren arabera, irizpiderik gabekoa esan nahi du. Baina alde egin dutenek ez dakite zer esan nahi duen ere. Horregatik, ez nuke hitza aktatik erretiratzerik nahi. Baina barkamena eskatu behar badut, eskatzen dut», esan du.