Aroztegiko proiektua geldiarazi eta hari buruzko herri galdeketaren emaitza bete beharrekoa izatea eskatu dute Nafarroako gizarte zibileko 45 kidek. Bultzatzaileek salatu dute "inposizio politiko garbia" dela aurreko proiektua, "UPNk utzitako herentzia pozoitua".
Begoña Zabalak eta Xabier Morrasek irakurri dute komunikatua egitasmoa babestu dutenen izenean, eta ohartarazi dute "eraikuntza enpresak" izango direla proiektuaren "onuradun bakarrak", eta "ez harana".
Horiek hala, eskatu diote Nafarroako Gobernuari froga dezala hauteskunde kanpainan erakutsitako "aldaketarako borondatea", eta antola dezala galdeketa lotesle bat Baztanen.