Aroztegiko proiektua bertan behera uzteko manifestaziora deitu dute hilaren 15erako

Elizondoko plazatik aterako da manifestazioa, Landa eremua defendatu! Aroztegia gelditu lelopean. 

Lekarozko lurretan, Aroztegia jauregiaren inguruan egin nahi dute makroproiektua. ANDONI CANELLADA / FOKU
2021eko maiatzaren 7a
18:16
Entzun

Aroztegiko proiektuaren kontrako Aroztak plataformak manifestaziora deitu du Elizondon (Baztan, Nafarroa), Aroztegiko lanak gelditzeko eskatzeko. Heldu den larunbatean izanen da manifestazioa, hilaren 15ean, eta 17:30ean aterako da Elizondoko plazatik, Landa eremua defendatu! Aroztegia gelditu lelopean.

Agerraldia egin du gaur Aroztak herri mugimenduak, eta, salatu duenez, behin eta berriz saiatu dira herritarrak proiektua bertan behera uzten. Proiektuak Lekarozen eta inguruan eragin kaltegarria izango duela nabarmendu dute: «Belaunaldiz belaunaldi eta mendez mende bizirik iraun duen hizkuntza, kultura eta bizimodua desagerrarazi nahi dute hondeamakinak, motozerrak eta indar okupatzaileak erabiliz». 

Proiektu horren kontra altxatuko direla aldarrikatu dute herritarrek, eta herritarrei deia luzatu diete manifestazioan parte har dezaten: «Gure lurra, bizimodua eta hizkuntzaren kontrako eraso zuzena den heinean, gatazka honek berebiziko garrantzia du, gure bailaratik gaindi, euskaldun guztion kontrako erasoa baita, ez lekaroztar edo baztandarren kontrakoa bakarrik».

Luxuzko 228 etxebizitza, 126 logelako hotel bat, spa gune bat eta bederatzi zuloko golf zelai bat eraiki nahi dituzte Lekarozko herrian. Apirilaren 8an hasi ziren lanetan, Palacio de Aroztegia SM enpresak aginduta. Oraingoz, ordea, herritarrek lanak gelditzea lortu dute. Kanpaldia egin zuten lanak egitekoak dituzten lurretan, eta hamaika egun egin zituzten bertan, enpresako makinak hortik atera arte. 

Legez kanpoko adjudikazioa

Herri ekimenaz harago, Baztango udalak ere salaketa aurkeztua du enpresaren kontra. LAB sindikatuak ere enpresa salatu zuen Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegian. 2019ko uztailean, Aroztegiko obren emakidaren plegua baliogabetu zuen, eta adjudikazio prozedurarekin jarraitzea ezinezkoa zela adierazi zuen auzitegiak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salak lehengo auzitegi horren akordioa berretsi zuen 2020ko ekainean. Sindikatuaren hitzetan, onartezina da baldintza agiria baliogabetua duten eta esleipena gelditua duten obrak hastea, eta manifestazioan parte hartzeko deia egin du. 

Manifestazioaz gaindi, Iruñeko Aroztak mugimenduko kideek bizikleta martxa bat eginen dute maiatzaren 14an, Iruñetik bertatik abiatuta. Ortziralean, Iruñetik Leitzara arteko ibilbidea eginen dute, eta larunbatean, Leitzatik abiatu, eta Elizondoko martxarekin bat eginen dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.