EAEko Auzitegi Nagusiak inputatu egin du Hasier Arraiz Sortuko presidentea, eta deklaratzera deitu du hilaren 17rako. Bien bitartean, salaketaren inguruko txostenak egiteko eskatu die Guardia Zibilari eta Ertzaintzari.
2015eko urtarrilaren 12an Guardia Zibilak hamabi abokatu eta Herrira-rekin lotutako beste lau lagun atxilotu zituenean Mate izena eman zion operazio hari Eloy Velasco epaileak. Urtebete lehenago EPPKren bitartekarien aurka egindako operazioari Xake izena jarri zion. Halako erasoei aurre egiteko deia egin zuen Arraizek abokatuen aurkako operazioa izan zenean, epailearen hitz-joko bera erabilita: Guardia Zibilari "xake-mate" egitera deitu zuen Euskal Herria.
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Carlos Urkijok, salaketa jarri zuen, eta fiskaltzak ikerketa hasi zuen. Espainiako Estatuari eta Guardia Zibilari "irainak eta mehatxuak" egin izana egotzita salatu zuten Arraiz.
Dignidad y Justiciak Sortuko presidentearen aurkako kereila aurkeztu zuen gero, auzibidea abiatzeko eskatuta. Eta Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburua ere Arraiz inputatzearen alde agertu zen.
Arraizek adierazpenak egin zituen prentsaurrekoaren bideoa.