"Eskuin muturra ez da inoiz desagertu, baina orain abian jartzea erabaki du, eta estatu kolpe bat ematea. Horren ondorio izan da Zigor Kodearen erreforma", nabarmendu du Hasier Arraiz Sortuko presidenteak, atzo Espainiako Kongresuan izandako eztabaidari erreferentzia eginez.
Ezker abertzaleko kideak ohartarazi du atzo egindako erreformak "bizi osorako kartzela zigorra" dakarrela berekin, eta eskubide zibil eta politikoak kontuan hartuko diren testuingurutik urruntzen duela gizartea. Arraizek ohartarazi du eskuin muturreko sektoreok Guardia Zibila "kontrolatzen" dutela, "baina baita hainbat epaile ere, zeinak prebarikatzen ari diren inolako kontzientzia kargurik gabe".