erreakzioak

Arraiz (Sortu): "Herri gisa erantzuteko garaia da, eta denon ardura da"

Jone Goirizelaiak esan du beste manifestazio batera deitzeko denbora badagoela.

2014ko urtarrilaren 10a
12:41
Entzun

Sortuko presidentea Hasier Arraizek esan du Auzitegi Nazionalaren debekuari "gizartearen gehiengoak erantzun" beharko diola, eta eragile politiko, sindikal eta sozialei eskatu die "egoeraren neurrira" jokatzeko: "Herri gisa erantzuteko garaia da, eta denon ardura da".

ELA: "Debekua paranoiaren ondorio da"

Adolfo Muñoz ELA sindikatuko idazkari nagusiak Eloy Velasco epailearen erabakia gaitzetsi du. Erabakia "euskal politikaren jardun normalizatua galarazi nahi dutenen paranoiaren" ondorio dela adierazi du.

Jone Goirizelaia (abokatua): "Denbora dago beste manifestazio batera deitzeko"

Jone Goirizelaia abokatua arratsaldeko lehen orduan mintzatu da debekuaz, eta esan du gaur denbora dagoela oraindik beste manifestazio bat deitzeko. Velascoren erabakiak legeari iruzur egiten diola azaldu du, eta zehaztu du Konstituzioak ez duela jasotzen gaur epaileak hartu duen erabakia. Hala ere, horri helegitea aurkezteko denbora ez dagoela nabarmendu du.

Ezker Batua: "Aitzakia politiko bati erantzuten dio debekuak"

Ezker Batuak salatu du biharko mobilizazioa debekatzeko erabakiak "aitzakia politiko bati" erantzuten diola eta Velasco epaileak bere kabuz erabaki duela Herrira "jatorri terroristako erakundea" dela. EBren ustez, "ez dator zuzenbidearekin bat elkarte berri bakoitzak frogatu behar izatea ez dela esaten ez duena". Halaber, mobilizazioa debekatuta "eskubide bat gauzatzea" galaraziko dutela kritikatu du EBk.

Borja Semper (PP): "Erabakia errespetatzen dugu. Onartezina zen manifestazioa"

Borja Semper PPren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea gustura agertu da Velascoren erabakiarekin, eta bere alderdiak erabakia errespetatzen duela gaineratu du, eta nabarmendu nahi izan du "beti" onartzen dituztela epaileen erabakiak. Bere hitzetan "onartezina" zen manifestazioa. "Espetxean atentatuak egiteagatik daudenak eta  iraganean izandako jarrerarekiko batere zuzenketarik egin ez dutenak goratu nahi dituzte deitzaileek".

Gorka Maneiro: "Demokraziarentzat albiste handia da debekua"

Gorka Maneiro UPDko parlamentariarentzat Velascok hartu duen erabakia zuzena eta justua da, eta demokraziarentzat albiste handia dela gaineratu du. Bere hitzetan mobilizazioaren helburua ez zen presoen eskubideak defendatzea, "nabarmen"; gaineratu du ETAko presoak goratu nahi zirela eta euren ibilbidea goratu". Ertzaintzari eskatu dio aginte judiziala betetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.