Azken asteetan Sortu eta EAJ eztabaidan aritu dira presoen gaia dela eta. "Eztabaida mediatikoa gelditu" eta "elkarrizketa berreskuratzeko", bilera egiteko deia egin dio Hasier Arraizek Andoni Ortuzarri. Radio Euskadin egin ditu adierazpenok.
Arraizen ustetan, Jaurlaritzak "zuzendu" egin behar du presoen gaiarekiko duen "jarrera okerra": "Gehiago egin behar du, eta politikoki Madrilgo gobernuari presio egin". Uste du horrela "mugitu eta sakabanaketa amaitzea" lortu ahal izango dela.
Hala ere, Sortu ez dago "baikor" orain arte ikusitakoarekin. "Madrilgo gobernuak Urkulluri telefonoa hartzen ez dionean, segituan ezker abertzalearen kontra egiten du". Lehentasunezkotzat jo du Espainiako Gobernuak espetxe politika aldatzea.
Arraizek azaldu duenez, ezker abertzaleak borondatea agertu du hitz egiteko eta dagozkion erantzunak bere egiteko. "Oso argiak izan gara, baina gainerakoei ere eskatzen diegu ariketa hori gurekin egitea". "Gatazkaren parte" izan diren alde guztiak "irtenbidearen parte" izan daitezen nahi du.