Politika

Arraizek espero du Ahal Dugu "gizarte eraldaketarako bidelagun" izatea

Nagua Alba Ahal Dugu-ko presidenteak esan du erabakitzeko eskubidea defendatzen dutela, baina gogora ekarri du beren jarrera Espainiarekin "proiektu komunean segitzea" dela. EH Bilduko zuzendaritzak eta Ahal Dugu-koak bilera egin dute. Albak berretsi du EAJ boteretik kentzea dela beren helburua.

EH Bilduren eta Ahal Dugu-ren ordezkaritzak, bilerara sartu aurretik. ARGAZKI PRESS
2016ko apirilaren 11
07:15
Entzun

Bi alderdien artean "sor daitekeen elkarlanerako dimamikari" mugarik ez diola jartzen adierazi du Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak Ahal Dugu-ko kideekin egindako bileratik atera denean. Nagua Alba Ahal Dugu-ko idazkari nagusi izendatu ostean, bilera sorta abiatu zuen Ahal Dugu-k: EAJrekin bildu zen aurrena, eta gaur EH Bildurekin elkartu da.

Albak, bilera osteko prentsaurrekoan, berretsi du EAJ Jaurlaritzatik kanporatzea dela beren helburua, "aldaketa" gauzatzea nahi dutelako, eta EAJk boterean jarraituta aldaketarik ez dagola uste dutelako. Aldaketarako aukerak badaudela uste dute bi taldeek.

Albaz gain, Lander Martinez Antolakuntza idazkaria eta Eduardo Maura diputatua joan dira bilerara Ahal Dugu-ren aldetik, eta, Arraizez gain, Oscar Matute eta Oihane Zabaleta EH Bilduren aldetik. Ordubete inguruko bilera egin dute, eta hainbat gizarte gaitan egin beharreko politiketan ados daudela berretsi dute.

Arraizek, bilera ostean, esan du "ona eta luzea" izatea espero duen harreman baten "hasiera ona" izan dela gaurko bilera: "Gai jakin batzuen inguruan akordioak lortzea posible da". Aldaketa "erreala" gertatzea nahi du EH Bilduk, eta koalizioko kideek uste dute gobernu aldaketa tresna eraginkorra izan daitekeela horretarako, baina "tresna" izango dela azpimarratu dute, eta ez helburua.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.