"Terrorismoa goratzea" egotzita Sortuko presidentearen aurka hasitako auzia artxibatu ondoren, Dignidad y Justicia elkarteak helegitea aurkeztu zuen, uste baitzuen fiskaltzak ez zuela "behar beste" ikertu eta "beste alde batera" begiratu zuela. Haren helegitea onartu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, eta Arraizek berriro joan beharko du deklaratzera.
Arraiz apirilaren 2an izan zen deklaratzen, eta adierazi zuen Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko kideen hilketen urteurren ekitaldian esandakoarekin ezker abertzaleak orain dela 35 urte "estatuarekin hausteko" hartutako erabakia babestu zuela, "ez dituelako Euskal Herriaren eskubide nazionalak errespetatzen". Ezker abertzaleak Espainiako trantsizio politikotik eginiko bidea defendatu zuen Arraizek, 2013ko azaroaren 18an egindako ekitaldian.
Sortuk, ebazpenaren berri jakin ostean, salatu du erabakiarekin EAEko Justizia Auzitegi Nagusia "eskuin muturreko elkarte baten zerbitzura" jarri dela, horrekin "fiskala eta bere lana zalantzan jartzen badu ere". Alderdiaren arabera, ebazpenak agerian uzten du "ideien kriminalizazioan tematzen diren eragile indartsuak" daudela: "Zentzu horretan adierazpen askatasunaren kontra gogor oldartzen dira, PPko gobernuak garaile-garaituaren binomio ankerra indartuz".
Hori horrela, Sortuk aldarrikatu du "mendekuzkoa ez den justizia" aplikatzeko garaia dela, eta "ideien jazarpenarekin amaitzea" eskatu du. Kasua behin betiko artxibatzea ere galdegin du.