Erreakzioak

Arrakasta nabarmendu dute sindikatuek, eta atzera egiteko eskatu diete gobernuei

Manifestazio oso jendetsuak egin dituzte eguerdian hiriburuetan. Sindikatuek esan dute kaleko oihua entzun beharko luketela erakundeek. Espainiako Gobernuak dagoeneko erantzun du ez duela atzera egingo lan erreformarekin; Nafarroako Gobernuak, berriz, "politikotzat" jo du lanuztea.

2012ko martxoaren 29a
08:13
Entzun

Greba orokorrak izandako arrakasta nabarmendu dute sindikatuek. Eguerdian manifestazio oso jendetsuak egin dituzte Hegoaldeko lau hiriburuetan. Antolatzaileen arabera, 30.000 pertsona inguru batu dira Iruñekoan, eta Bilbokoan, 25.000. Jendetza hori ikusita, kontu egiteko eskatu diete gobernuei, eta egiteko atzera hartzen ari diren neurrietan.

Bilboko manifestazioan izan dira euskal gehiengo sindikaleko ordezkari nagusiak. Manifestariek bete egin dute Kale Nagusia, eta auzoetatik batutako zutabeetan ere jendetza handia bildu da. Manifestazio amaierako ekitaldian, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek adierazi du "gizartearen oihua" entzuteko garaia badutela gobernuek, eta nabarmendu du politikarien eginbeharra dela "herritarrak eta haien eskubideak" babestea. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ohartarazi du Espainiako Gobernuak bihar aurkeztekoak dituen aurrekontuetan murrizketa are gehiago izango direla. "Zutik egoteko" eskatu die langileei. EILASeko ordezkari Belen Arrondok salatu du gobernuen neurriek langileen eskubideen aurka egiten dutela.

CCOOk eta UGTk beren aldetik egin dituzte protestak. Euskadiko CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok "historikotzat" jo du parte hartzea, eta adierazi du horretan zerikusi zuzena izan duela protestarako deia sindikatu guztiek egin izanak. Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari egin dio dei, eta eskatu dio negoziatzeko sindikatuekin lan erreforma. Damaso Casado Euskadiko UGTko idazkari nagusiak esan du "berriz pentsatzen hasteko garaia" baduela Raxoik.

 

Espainiako Gobernua, berean

Lan erreformari eutsi egingo dio Espainiako Gobernuak. Hala berretsi du Fatima Bañez Lan ministroak: "Aldaezina da gobernuaren agenda. Lan erreformarekin, galga jartzen ari gara enplegua desegiteari, eta oinarriak jartzen ekonomia suspertzean enplegu egonkorra izateko". Greba eguna izan arren "normaltasuna" da nagusi, Bañezen esanetan.

Nafarroako Gobernuak, berriz, "politikotzat" jo du greba. Yolanda Barcina, presidentea: "Kalean zebiltzan batzuek greba politikoa egin dute, entzun baititut 'Independentzia!' oihuak eginez". Barcinak salatu du Nafarroan ez dutela errespetatu lanerako eskubidea, eta saltoki batzuek jasandako erasoak gaitzetsi ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.