Arrakastaren bila

Azterketak ate joka ari zirelarik, urduritasunak saltegietako apaletara bultzatu ditu hainbat ikasle azken asteotan, konfiantzarik ezaren neurrian handituz saltzaileen etekinak.

Aitor Renteria.
2008ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Joan den astean ikasleek ez dute kurtsorik ukan. Baxoa prestatzeko azken orenak izanki, urduritasuna izan da nagusi. Azterketa nagusiaren kezkak edabe magikoaren bila bultzatzen ditu ikasle batzuk. Anitzek Carrefour bezalako saltegi handietara jo dute, baxoari buruzko liburu espezializatuak erostera. Alta, urte guztian izandako joerak ikasle mota ezberdinen jokabidea islatzen duela dio Frederic Philizot Carrefourreko kultura saileko arduradunak. Ikasketa denboraz antolatu duten ikasleek goiz erosten dituzte liburuak, baina salmenta handienak ekainean ukan dituzte. Ikasleen azken orduko urduritasun eta konfiantza faltaren seinale.

Orokorrean eskolarako laguntza liburuek gorakada nabarmena egin zuten 2005 eta 2006an. 2007an,aldiz, apaldu zen gorakada. Interneten eragina dela diote saltzaile batzuek. Bertze batzuen iritziz, aldiz, eskaintza ugaltzearen ondorioa da. Baina «ezinegonaren merkatua» egon, badago. Ohituren aldaketa da salmentetan eragiten duena.

Argitaletxeek Frantzia mailan salmenten apaltzea iragarri duten bitartean, Angeluko Carrefourren kontrako joera nabari dutela dio Philizotek. Urtean zehar eskola saileko salmentak %6 emendatu direla dio. «Iazko apirilarekin konparatuz, baxoaren prestaketari dagokionez, aurtengo salmentak %2 emendatu ziren eta maiatzean %21». Azken kopuru hori adierazgarria da. Azken oreneko kezka eta ezinegonak bertze berme batzuk bilatzera bultzatzen dute ikaslea. Aste arrunt batean baxorako 20 liburu saltzen badituzte, ekaineko lehen asteetan 200 liburu inguru saltzen ari direla dio Philizotek.

Galderei erantzuten ari delarik, adineko emazte bat hurbildu da beregana, xehetasun eta argitasun eske. Semea larri omen dabil ikastetxean. Irakasle pribatua hartu diote, baina semeak dioenez bertze metodologia bat erabiltzen omen du eta semea galdurik dabil azken orduan. Azken urteotako azterketak hartu nahi ditu eredu gisa eta galdera ugari egin dizkio saltzaileari.

«Urduritasuna da nagusi une honetan, ikasleena, gurasoena...»,dio saltzaileak. Irakasle pribatu eta eskolaren arteko metodologia arazoek zalantzak sortzen dituzte ikasleengan. Azken orduan ohiko liburuetan bilatu nahi dute bermea, han atzematen dituztelako azterketak, ariketak eta zuzenketak. Urtero errepikatzen den prozedura dela azaltzen du. Internetek baliabide anitz eskaintzen baditu ere, askatasuna kentzen die ikasleei, pantailara iltzatuz. Eroso irakurtzeko edo ariketak patxadaz egiteko parada eskaintzen die liburuak. Eta ikasleek preziatzen badute, gurasoek gehiago oraindik.

«Internet ez dago oraindik sartua gurasoen ohituretan, haiek eskola klasikoan ikasi dute eta jakin arren gauza onak atzeman ditzaketela, liburuak Interneteko anonimotasuna hausten du, konfiantza maila sendoa ematen die gurasoei». Urteotan eraikitako sistemak pisu handia dauka. Ama eskolatik liburuak baliatu dituzte eta azken oreneko zalantzak konpontzeko liburuak konfiantza gehiago ematen duela nabarmentzen du. Argitaletxe bat dago liburuen gibelean, irakasle eta profesional anitzen lana. Eta gainera,liburuek ere ez dute bazterrera utzi Interneteko eskaintza eta loturak dituzte web orriekin.

Ez zaio arrotz argitaletxeen kezka. Baina dioenez, Lapurdin ez da horrelakorik gertatzen. Lapurdin baino, BAM inguruko saltegi handietan. «Urtez urte handitzen doa baxorako liburuek apaletan daukaten tokia». Eta horien inguruan, oporretarako liburuxkak daude, nola ez. Ikasturteak ez du etenik saltegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.