Ezkontza ukatu zien Arrangoitzeko Herriko Etxeak (Lapurdi), eta auzitarako bidean jarri dute gaur goizean. Jean Michel Martin eta Guy Martineau Espel bikoteak salaketa aurkeztu du Baionan, prokuradorearen aitzinean, Arrangoitzeko auzapezaren eta haren laguntzaileen aurka. "Diskriminatu" dituztela salatu dute.
Bikotea Arrangoitzen bizi da azken hamar urteetan, eta bertan ezkondu nahi zuen. Maiatzean sexu bereko pertsonak ezkontzeko legea onartu zelarik, eskaria egin zioten herriko etxeari, baina Jean Michel Colo auzapezak ezezkoa eman zien, eta erregistroa itxi zuen, nehor ez ezkontzeko gisan.
Herriko etxearekin hizketan aritu da bikotea, eta erran dute ez diotela publizitaterik egingo ezkontzari; ez dute oniritzirik jaso halere. Ezkontzeko ahala herriko etxeko beste langile edo hautetsiren bati ematea ere aztertuko zuela erran zuen auzapezak, baina ezezkoan tematu da.
Astelehenean Baionako Suprefeturara deitu zuten Colo. Ez duela amore emanen erran zuen han. Sexu berekoen arteko ezkontzaren aldekoak eta kontrakoak elkartu ziren kanpoaldean, eta istiluak sortu ziren.
Suprefetak errana du sexu bereko pertsonak ez ezkontzea "diskriminazioa" dela eta, hortaz, auzapezak 75.000 euroko isuna jaso dezakeela, funtzio publikoan aritzeko debekuaz gainera.