Ondarea

Arrantzale hondarribiar batek duela 450 urte Ternuan sinatutako testamentua aurkitu dute

Mexikotik iparreragoko Ameriketan eskuz idatzitako jatorrizko agiririk zaharrena da, eta Michael Barkham Huxley historialariak aurkeztu du.

Juan Luis Zabala
2013ko maiatzaren 14a
17:07
Entzun

Mexikotik iparreragoko Ameriketan idatzitako jatorrizko agiririk zaharrena Domingo de Luça arrantzale hondarribiarraren testamentua da, 1563ko maiatzaren 15ean sinatua, Ternuan (egungo Kanadako lurretan), Plazençiako portuan zehazki (egun Placentia). Bihar beteko ditu, beraz, 450 urte testamentu hark. Urteurren hori aitzakiatzat hartuta, Michael Barkham Huxley historialari eta Cambridgeko Unibertsitateko doktoreak gaur aurkeztu du dokumentua, Hondarribiko Arrantzaleen Kofradian.

Maria del Juncal itsasontzian joan zen  Domingo de Luça Ternuara, bakailaotara, eta “gorputza gaixo eta burua gaitzik gabe” zuela idatzi zuen testamentua, testaun dioenez, jakinik laster hilko zela, Hondarribira itzuli gabe. Testamentuan, emaztea izendatu zuen oinordeko, Maria Martin de Aguinaga, eta Plazençian lurpera zezaten eskatu zuen, “hemengo hilak lurperatu ohi dituzten lekuan”. Horrez gain, hartzeko eta ordaintzeko zituen zorren zerrenda aipatzen zuen, esanez denak ez zituela gogoan baina zerrenda utzia zuela Hondarribian.

Joan Xuarez, Maria del Juncal itsasontziaren jabea, izan zen Domingo de Luçaren testamentuaren betearazleetako bat, eta hark ekarri zuen Ternuatik Euskal Herrira, Hondarribiko alkatearen aurrean aurkezteko, dokumentua sinatu zuten gainerako zazpi lekukoekin batera. Aurretik gisa bereko beste bi testamentu ezagutzen ziren, Orioko bi balea-arrantzalerenak, baina haiek urte batzuk geroagokoak dira, 1577 eta 1584akoak.

Domingo de Luçak ez zekien idazten, baina dokumentua “oso ondo idatzia dago”, Barkhamek azaldu duenez, itsasontziko eskribauak idatzi zuelako; Juan de Blancaflor Donostiako eskribauak zehazki. “Ez zen itsasontzi guztietan idazkari bat joaten. Normalean lau edo bost itsasontzitarako eskribau bat baino ez zen joaten”.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.