Lan gatazkak

Arrasateko harrobi bateko hiru langilek silikosi gaitza hartu dute

Arrasateko (Gipuzkoa) harrobi batean lan egiten duten hiru beharginek silikosi gaitza harrapatu dute. San Josepe Bi enpresak ustiatzen du harrobi hori, eta gaixotu den langileetako batek salatu duenez, axolagabe jokatu du beren gaitzarekiko. Zehazki, berak sei urte egin zituela harrobian lanean jakinarazi du, eta denbora horretan guztian, mediku azterketa bakarra egin diotela, eta, gainera, erradiografiarik ez ziotela atera. Silize hautsak sortzen duen biriketako gaitz larria da silikosia.

2003ko azaroaren 17a
15:04
Entzun
Juanma Urrutia 1996 arte sei urtez aritu zen Arrasateko harrobi horretan lanean, etasei urte horietan, osasun azterketa bakarra egin zioten. "Gainera, erradiografiarik ez zidaten egin, eta, halaber, ez zuten egin silize kopurua zenbatekoa zen jakiteko neurketarik", salatu du gaur.

2002ko maiatzean jakin zuen Urrutiak silikosia zuela, eta, berehala, lankide izandakoekin jarri zen harremanetan haiek ere probak egin zitzaten. Harrezkero, beste bi lankideri ere atzeman diete biriketako gaixotasun larri hori.

Urrutiak salatu duenez, harrobia ustiatzen duen San Josepe Bi enpresak axolagabe jokatu du arazoarekiko. Izan ere, beharginek beren lan baldintzei buruzko kezka agertu diote Bienvenida Martinez gerenteari, baina hark ez ei ditu aintzat hartu. "Ez du axolarik agertu, eta dena atzeratzen saiatu da. Izan ere, 2004 arte dauka enpresa horrek harrobia ustiatzeko baimena, eta orduan utzi egingo du", azaldu du Urrutiak.

Halaber, silize kantitatearen neurketak gerenteak berak egiten dituela salatu du gaitza harrapatu duen langile horrek, baina langileei ez diela txosten horien berri ematen.

Biriketako gaitz larria da silikosia; normalean meatzariek harrapatzen dute, eta arnasketa arazo handiak eta oinazeak eragiten ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.