Arrasateko (Gipuzkoa) Udaleko Oroimenaren eta Elkarbizitzaren Mahaiko alderdiek —EAJ, EH Bildu, PSE-EE , Baleike eta Irabazik— herriko biktima guztiak erreparatzeko eta bizikidetza bultzatzeko akordioa lortu dute, eta egutegi bat adostu aitortzarako ekitaldiak eta adierazpen instituzionalak egiteko, udalak gaur jakinarazi duenez.
Aurreneko neurria, Isaias Carrasco zenaren aitortza ekitaldia izango da, hil honen 24an. ETAk hil zuen Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohia, 2008an. Ondoren Iñaki Etxaberen eta German Agirreren aitortzak egingo dituzte. BVE Batallon Vasco Españolek hil zuen Etxabe, 1975ean, eta Espainiako eskuin muturrak Agirre, handik astebetera. Beste biktima guztien aitortza ekitaldiak ere egingo dituzte.
Euskal presoen aurkako sakabanaketa politikak eragindako "sufrimenduaren" errealitateari erantzuteko proposamen "zehatz" bat bat lantzen ari dira udal taldeak, eta asmoa da urtea bukatu aurretik jakinaraztea.
Egindako lanari, jorratutako bideari eta lortutako akordioari balio handia eman dio Oroimenaren eta Elkarbizitzaren Mahaiak. Duela bi urteko irailean jarri zuten abian mahaia, udal talde denek.