Arrasateko Udalak gaixotasun larria pairatzen duen Iosu Uribetxeberria presoaren eskubideen aldeko mozioa onartu zuen pasa den astean, Bilduren, Aralarraren eta EAJren botoei esker.
Mozioaren bitartez, udalak gaixotasun sendaezinak dituzten 14 euskal presoak etxeratzeko eskatu du —horien artean dago Uribetxeberria—. Arrasateko presoaren askatasuna eskatzeko, bi ekimen adostu dituzte: Leongo espetxeko zuzendariarekin bilera bat eskatzea, Iosuren egoera azaldu eta bere askatasuna eskatzeko, eta espetxeko zuzendariarekin elkartzeko udal delegazio bat Leongo kartzelara joatea.
Mozioan jaso dutenez, Uribetxeberriari 2005eko apirilean neurri handiko tumore bat detektatu zioten, eta urte bereko maiatzean ezkerraldeko giltzurrun neoplasia bat diagnostikatu zioten. 2005eko ekainaren 9an ezkerreko giltzurruna kendu zioten, eta ondorioz, bizi osorako tratamendua beharko du.