Politika

Arrasateko zinegotziak ezin dituztela kanporatu berretsi du EBk

IUko koordinatzaile nagusi Gaspar Llamazarasek hautetsi horiek alderditik kanpo zeudela esan zuen atzo. EBren estatutuak aintzat hartuta kanporatzea "ezinezkoa" dela erantzun dio Mikel Arana EBko bozeramaileak.

2008ko apirilaren 26a
14:55
Entzun
Arrasateko (Gipuzkoa) EBko bi zinegotziak alderditik kanporatu dituztela ukatu egin duMikel Arana EBko bozeramaileak; areago, alderdiaren estatutuak aintzat hartuta kanporatzea ezinezkoa dela azpimarratu du. Horrenbestez, Gaspar Llamazares IUko koordinatzaile nagusiak atzo esandakoa gezurtatu egin du Aranak, bi zinegotziak alderditik kanpo zeudela adierazi baitzuen.

"Llamazaresek badaki zeintzuk diren gure estatutuak. Ondo asko daki Arrasateko eta Hernaniko zinegotziek hartu duten erabakia haiei soilik dagokiela estatutuek horretarako gaitasuna ematen dielako, erabakiarekin ados ez bagaude eta gustatzen ez bazaigu ere. Horregatik ezin da inor kanporatu", agertu du Aranak gaur goizean.

Arrasateko bi zinegotziek ez zuten bat egin PSE-EEk eta EAJk bultzatuta EAE-ANVko hautetsien kontra aurkeztutako mozioarekin, eta hortik sortu da ika-mika EBko zuzendaritza eta IUko mozioaren alde baitzeuden. Jarrera bera hartu du Hernaniko (Gipuzkoa) zinegotziak ere.

Aranak erantsi du maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean batzar orokorra egingo duela EBk, eta bilkura horretan berrikusiko dituztela estatutuak aurrerantzean halako egoerarik gerta ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.