Arrasateko Gesalibar auzoko Aldape baserria (Gipuzkoa) erori egin da gaur goizean, eta, ondorioz, 65 urteko gizonezko bat eta 57 urteko emakumezko bat hil egin dira hondakinek azpian harrapatuta. Gizonezkoaren emaztea larri zaurituta dago, eta helikopteroz eraman dute Gurutzetako ospitalera.
Herrizaingo Sailak baieztatu duenez, gas leherketa baten ondorioz erori da eraikina.
Hildako emakumea zauritutakoaren ahizpa da. Eroritako baserriko hondakinen artean aurkitu dute haren gorpua lau orduko bilaketa lanen ostean.
Leherketa goizeko 03:30ean gertatu da, eta Gesalibar auzoko bizilagun batek eman dio abisua Ertzaintzari, 07:15 aldera. Aldape baserria nahiko aldenduta dago; gertuen dagoen baserria 200 metrora dago. Gainera, abiadura handiko treneko lanak egiten ari dira inguruan, eta leherketak oso ohikoak omen dira. Hori dela eta, baserria erori denean entzun den zaratak ez ditu bizilagunak larritu.
Joseba Erramun Askasibar Arrasateko alkateordeak azaldu duenez, "irudia lazgarria da; ez dago harri bat ere bestearen gainean".
Arrasateko Udalak babesa agertu die senide eta lagunei, eta laguntzeko prest dagoela azaldu die. Udaleko ordezkariak ezbeharraren gunean izan dira. Horrekin batera, salbamendu taldean aritu direnen lana eskertu du udalak.