'zure ZIZTADA BEHAR DUGU'

Arrasaten BERRIAren aldeko jaia egingo dute hilaren 19an

Euskalgintzan ari diren eskualdeko eragileek antolatu dute ekitaldia. Aste honetan, Villabonan eta Iruñean ekimenak.

2013ko urtarrilaren 8a
19:26
Entzun

Debagoieneko euskalgintzako eragileek BERRIAren aldeko ekitaldi bat antolatu dute hilaren 19rako Arrasaten. Euskarazko hedabideen eta BERRIA Taldearen Zure ziztada behar dugu egitasmoaren berri eskualdean zabaltzea dute helburu. Debagoieneko taldeekin eta pertsona ezagunekin taxutu dute jaialdia; BERRIAren atalak hartu, eta ekinaldi bat egingo dute bakoitzarekin. Ordubeteko ekitaldia izango da (19:30, Amaia aretoa).

Ekitaldia gaur arratsaldean aurkeztu dute, Arrasaten bertan. Euskalgintzako eta BERRIA Taldeko ordezkariekin batera, han izan da Inazio Azkarraga-Urizar alkatea ere. Jaialdiaren babeslea da udala.

Ekitaldian parte hartuko dute, besteren artean, Debagoieneko Toberan parte hartu duten aktoreek, Bea Asurmendi eta Oier Arregi kantariek, Oihana Kortazar eta Alberto Iñurrategi kirolariek, Maddi Labaien eta Manex Agirre bertsolariek eta Oñatiko Ganbara Txiki abesbatzak. Munduan zehar dabiltzan eskualdeko herritarrek ere izango dute tokia ekitaldian.

Bost euroan jarri dute sarrera helduentzat; 18 urte baino gutxiagokoentzat, bi euroan.

Aste honetan Villabonan eta Iruñean ekimenak

- Bihar eta ostirala, Villabona-Amasa. Bihar Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendarik hitzaldi bat emango du Villabona-Amasan, 19:00etan, Subijana Etxean (Mintzola). Ostiralean ere izango da ekimenik: BERRIAren aldeko jaialdia. Gurea antzokian bi saio egingo dituzte —19:30ean eta 22:30ean—. Parte hartzaileak: Oinkari dantza taldea, Lain musika taldea, Eresargi abesbatza, Eresargi gazteak, Loatzo musika eskola eta Harituz Tolosaldeko bertsozaleen elkargunea. Ekitaldiak Euskaran Ados Lan Mahaiak antolatu ditu, udalaren laguntzarekin.

- Ostirala, Iruñea. Ostiralean BERRIAren aldeko bertso merendua izango da Iruñean, Zaldiko Maldiko kultur elkartean, 19:30ean, Julen Zelaieta eta Aimar Karrika bertsolariekin. Sarrera, doan.

BERRIAlaguna komunitatea indartzeko

"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko, eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea.

Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak dio egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.

Egitasmoak BERRIAlagunak bildu nahi ditu, milaka lagunen elkarlana bideratu nahi du proiektu honen inguruan. Jadanik ia 4.100 BERRIAlagun daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.