Euskal presoak
Arratsaldeko bostetan abiatuko da Bilbon euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatuko duen manifestazioa
Amnistiaren aldeko mugimenduak gogoeta jarduna egin zuen abenduaren 21ean Donostiako Kursaalean, eta, besteak beste, gaur manifestazioa egiteko ekimena atera zen handik. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Bilboko Aita Donostia plazatik manifestazioa, 'Euskal Herriaren alde eraginez, euskal presoak Euskal Herrira' lelo hartuta. Hain zuzen ere, euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatuko dute, eta, halaber, kolektibo hori eragile politikoa dela eta prozesu politikoan parte hartu behar duela aldarrikatuko dute.
Euskal preso politikoen defentsan lan egiten duten elkarteek azken hilabeteetan egin duten gogoeta prozesua biribildu zen hilaren 21ean Kursaaleko batzarrean. Ehunka lagunek parte hartu zuten ekitaldian, eta amaieran irakurri zuten adierazpenean, euskal preso politikoak Euskal Herrira ekartzeko eskaera zabaldu duten, batetik, eta, bestetik, euskal presoak "gatazkako parte" direla , eta "izaera politiko naturala" dutela aldarrikatu zuten. Ondorioz, "gatazka gainditzeko prozesuan" esku hartu behar dutela azpimarratu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu