Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ibilbidea aldatu die Gune plataformako kideei. Gainera, goizeko istiluak ikusita, arratsaldean gerta zitezkeenen ardura haiei egozteko asmoa zuela ikusita, Gunek bertan behera utzi du arratsaldeko protesta.
Agiri baten bidez, Gunek ziurtatu du goizeko mobilizazioak "arrakasta handia" lortu duela, "hamarna milaka pertsona" batu direlako "troikak gidatzen dituen politika latzak salatzeko".
Plataformak nabarmendu du ez duela inolako loturarik goizean gertatu diren istiluekin. "Guk deitutako legezko manifestazioaz baliatu egin dira beste pertsona batzuk, deialdiaren xedea ez ziren beste helburu batzurekin", argitu du.
Ertzaintzaren jarrera ere salatu du Gunek, eta manifestazioa behar baino lehenago bukatu izanaren ardura leporatu diete. "Manifestazioaren jarraipena galarazi egin du amaitzeko 250 metro eskas falta zirelarik. Ertzainen buruek manifestazio hasieran zihoaztenei erabaki hori jakinarazi dietenean deitzaileok amaitutzat eman dugu."
Arratsaldean istilu gehiago izan dira, Alde Zaharrean. Hiru edukiontzi irauli dituzte, eta horietako bati sua eman ere bai.