Gizarte politiketarako akordioa bilatzeko konpromiso etikoa eskaini die gaur goizean Javier Maroto Gasteizko alkateak oposizioko gainerako alderdiei. Arrazakeriaren kontra zein laguntza sozialen iruzurren kontra dagoela adierazi du Marotok, "egiten duenak egiten duela". Adierazpen hori bere izena arrazakeriarekin ez lotzearren egin duela zehaztu du.
Atzo eskatu zion EAJko presidente Andoni Ortuzarrek Marotori proposa diezaiela "bestelako hiri baterako akordioa" oposizioko alderdiei: "Izan ere, berak egin nahi duen Gasteiz egiteko, bakarrik dago". Udalak osatzeko astebete baino gutxiago falta dela egin du deia Ortuzarrek —larunbatean osatuko dira—. Gasteizko Udalean bederatzi zinegotzi lortu zituen Javier Marotoren PP alderdiak —hamalau behar dira gehiengo osoa izateko—.
Hala ere, Marotok ukatu egin du bere gaurko adierazpena EAJren eskaerari eginiko erantzuna dela; "areago doa", esan du. Hala, "desberdina" errespetatzeko eta arrazakeriaren zein intolerantziaren kontra jarduteko konpromisoa hartu du. Gasteiz elkarbizitzaren eta kohesio sozialaren hiri bihurtu nahi duela ere esan du.
Erreakzioak
EH Bilduren Gasteizko zerrendaburu Miren Larrionek uste du alkatetza ez galtzeko "mugimendu bat" dela Marotorena, eta ez dio sinisgarritasunik eman gaurko adierazpenari. Hauteskundeen ostean PPk EAJrekin eduki dituen harremanen ondorioz etorri dela erantsi du.
Sei zinegotzirekin udalean bigarren indarra den EH Bilduk azpimarratu du Maroto alkatetzatik kanporatzeko gobernu alternatiboa eratzeko ahaleginean jarraitu duela. Hori horrela, EAJri dei egin dio "aldaketaren dinamikara" batzeko.