Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna

Arrazakeriarik gabe, sexu aniztasunean, feminismoz eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, agerraldi bateratua egin dute Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Harro eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformek

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean Martin Ugalde kultur parkean egin duten agerraldia. JAGOBA MANTEROLA /FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2019ko abenduaren 10a
15:41
Entzun

«LGTBI kolektiboetako kideok, emakumeok, etorkinok eta guztiok euskaldun gisa pairatzen ditugun diskriminazioak auzi kolektiboak eta politikoak dira, eta horiek bukatzeko erabaki politikoak hartzea eskatzen dugu». Aldarrikapen bateratua egin dute Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Harro eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformek, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean Martin Ugalde kultur parkean egin duten agerraldian.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zenetik  71 urte igaro diren arren bertan jasotako hainbat eskubide oraindik urratu egiten direla ziurtatu dute: «Ez dira neurri egokiak hartzen eskubide horiek bermatzeko, eta, aurrerapenak egin badira ere, atzerapausoak eta babesgabe uzten gaituzten neurriak noiznahi pairatzen ditugu».

«Gure jatorria, azalaren kolorea edo erlijioa dena delakoa izanda ere, herri honen parte gara», esan dute. Euskal Herri solidarioa eta errefuxiatuen alde lan egingo duena eskatu dute, baita arrazakeria gainditu eta pertsona guztiek «libre» bizitzeko neurriak exijitu ere.

Feminismoz bizitzeko nahia ere nabarmendu dute. Salatu dutenez, inguruan injustizia ugari sumatzen dituzte, eta adibide batzuk jarri dituzte: soldatapeko lan feminizatu prekarioa, ordaindu gabeko etxeko lanetako jardunaldi luzeak eta epaitegietan erasotzaileak babestea. «Gure jendartean bizitza batzuek beste batzuek baino balio handiagoa daukatela erakusten digute», ziurtatu dute. «Hierarkia» hori ezabatzea jarri dute helburutzat.

LGTBIfobiari ere egin diote erreferentzia. «Sexu orientazioa eta genero identitatea funtsezkoak dira pertsona horien duintasunerako eta gizatasunerako. Ez dira behin ere bereizketarako eta gehiegikeriarako aitzakia bihurtu behar», azpimarratu dute. Sexu orientazio eta genero identitate guztietako pertsonak gainerako guztiek merezi duten duintasun eta errespetu berberaz bizi daitezen bermatzeko, neurriak hartzeko eskatu dute.

Azkenik, euskararen aldeko aldarrikapena egin dute. «Euskal Herrian oraindik ez dauzkagu hizkuntza eskubideak behar bezala bermatuta. Izan ere, euskararen lurraldea legeak ezarritako bost eremuren arabera banatua dugu», azaldu dute. Salatu dute euskal hiztunek ezin dutela beren hizkuntza berdintasunez erabili, ez administrazio publikoan, ezta arlo sozioekonomikoan ere. Oztopoak salatzearekin batera, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute: «Pertsona guztiek euskara ikasi eta erabiltzeko eskubidearen aldeko beharrezko neurriak bultzatu behar ditugu». Horretarako, hezkuntzan jarri dute arreta: «Euskalduntzeko baliabide publikoak, kalitatezkoak eta doakoak eskatzen ditugu».

Beraz, «aniztasunaren kudeaketa egokia» ezinbestekoa dela esan dute, eta hori «zaintzaz eta enpatiaz» egin beharko dela. Ziurtatu dute oraindik lan egin behar dela hori lortzeko: «Jendarte honek oraindik ez du barneratu eskubide guztien errespetua». Berdintasuna denen eskubidea dela ere aldarrikatu dute: «Pertsona guztiok jaiotzen gara libre; jaiotzez berdinak gara duintasunean eta eskubideetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.